Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean elkartu dira Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusietako ordezkariak: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran; Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martinez de Luna; Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Mikel Irizar; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Ana de Castro; Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa, Donostiako Udaleko Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkarate; eta Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zuzendari Jone Unzueta. Haiekin batera izan dira, EUDELeko euskara arduradun Aitor Aldasoro eta UEMAko presidente Josu Labaka.
Adierazpen horretan "elkarlanaren" garrantzia nabarmendu dute euskararen erabilera sustatze aldera: "Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana".
Era berean, une egokia dela lankidetza hori berrikuntzaren bidetik sendotzeko adierazi dute: "Une aproposa da euskararen lurralde eta eremu guztietako herri aginteen arteko lankidetza ere berrikuntzaren bidetik sendotzeko. Erabileraren mesedetan. Eta euskarak elkarlan horien guztien premia du. Ezinbestez".
Ekitaldi nagusia Europa Jauregian
Domekan, abenduaren 3an, Gasteizko Europa Jauregian egingo dute ospakizun nagusia. Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango da 12:00etan hasiko den ekitaldian, eta erakundeetako zein euskalgintzako ordezkariak ere elkartuko dira.