Donostiako maratoian Debagoieneko koadrila polita batu da aurten ere, baina bi izen nabarmendu dira guztien artetik, Beñat Arnaiz eta Nere Arregi. Arregirena bereziki da albiste ona, 2015ean sekulako lasterketa egin ostean [hirugarren postuan sailkatu zen, 2.54.52ko denbora eginda] urte luzea eman duelako oinean min hartuta. Arrasatekoak gogotik sufritu behar izan du lesioa gainditzeko, baina bistan da bueltan dela Arregi, denbora oso ona eginda seigarren izan da-eta sailkapenean.
Arnaiz, profesionalen atzetik
Arnaizen helburua 2.30-eko markatik jaistea zen, eta minutu pasatxoan bete du helburua, nahiz eta lasterketan gorriak ikusi dituen: "24. kilometroan bakarrik geratu naiz –zortzigarren postuan zihoan–. Aurretik zeudenak beste maila bateko atletak ziren, profesionalak, eta nire atzekoak bi minutura zetozen. Bada, lasterketa erdia bakarrik egin behar izan dut, eta gogorra egin zait, nik prestatuta nituen anoa postu pertsonalekin arazoak izan ditudalako. Eskerrak ez duen bero egin, bestela... ", adierazi du aretxabaletarrak.
Triatloietatik maratoira
Arnaizek triatloietan distantzia guztiak probatu ditu, eta azken bi urte hauetan maratoiak harrapatu du: "Triatloian ironman distantzia geratzen zitzaidan egiteko, eta bat egitea nahikoa izan da zer suposatzen duen ikusteko [Barre]. Ordu asko eskaini behar zaizkio modalitate horri, eta kontrara, maratoia prestatzen gustura ibili naiz, egunerokoan ez duelako horrenbeste denbora kentzen". Aretxabaletakoaren emaitza onean ez dago sekreturik: "Oso formal ibili naiz maratoia prestatzen. Lau hilabete inguru erabili ditut lasterketa prestatzeko, eta batez ere azken hilabetean zorrotz ibili naiz elikadura eta entrenamenduekin".
Bada, iaz Sevillan egindako 2.32ko markari koska ederra kendu dio gaur: "Han maila askoz ere handiagoa egoten da. Sevilllan gaurko markarekin 30 lagun izango nituen aurretik, baina denbora hobea egin ahal izango nuke, errazagoa delako lasterketa taldean egitea. Donostiakoa ez da denbora ona egiteko maratoi aproposena".
Bada, urtea maratoiko helburua beteta, ironman distantzia gertutik ezagututa –Lanzaroteko lasterketa egin zuen– eta besteak beste Oñatiko duatloia irabazita agurtuko du Arnaizek.