Atzo, eguena, egin zuten ekitaldia, Madrilgo Reina Sofia Arte Zentroan, eta Osakidetzako zuzendari nagusi Maria Jesus Mugicak banatu zituen Osakidetzak irabazitakoak, bost guztira. Ospitaleko Kudeaketa Globalean eta saritutako eremu klinikoetan 2010. eta 2015. urteen artean aurrerapauso handienak egin dituztenak izan direlako saritu dituzte: Donostia Unibertsitate Ospitaleak, Ospitaleko Kudeaketa Globalagatik eta Bihotzeko eta Arnasketako zerbitzuengatik jaso ditu sariak; Zumarragako Ospitaleak, Kudeaketa Globalagatik; eta Debagoiena erakunde sanitario integratuak, duen Arnasketa zerbitzuagatik.
Oñatiko Osasun Zentroak ere (Debagoieneko ESI) lortu du aintzatespena, Lehen Mailako Arretako Ekipoen Praktika Onak. Populazio Ebaluazioa delako azterlanarengatik. Lehen aldiz egin da populazio-ebaluazio pilotu baten egitasmo bat, Espainiako populazio bat aztergai izanik, osasun zerbitzuetako emaitzen erabilera kontuan hartuta, arreta ospitalarioaren zein lehen mailako arretaren kostuak integratuz.
Sarien garrantzia
Osakidetzako zuzendari nagusiak sari horiek duten garrantzia nabarmendu du: "Pazienteei kalitatezko arreta bat eskaintzeko eta haiek Osakidetzan duten konfiantza mantentzeko egunero euskal osasun sisteman lan egiten duten profesionalei eta kudeatzaileei euren ahalegina publikoki eskertzeko balio dute".
146 zentroren parte-hartzea
TOP 20 Ospitaleak ospitaleak ebaluatzeko programa bat da, kalitate, funtzionamendu eta eraginkortasun adierazleetan oinarrituta. Programak emaitzak hobetzeko erreferentzia erabilgarri bat eskaintzen dio esparru sanitarioari.
Edizio honetan, 15 autonomia erkidegotako 146 zentrok parte hartu dute. Horietatik 107 ospitale publikoak dira eta 39 pribatuak.