Derbi bizia espero da bihar Agorrosinen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko aza. 24a, 08:30

2015-2016 denboraldi amaierako derbia, Erregional Preferentean.

Bergararen eta Mondraren arteko derbia izango da bihar (15:30), etxeko taldeak ligako partidu guztiak irabazi dituen Agorrosin futbol zelaian; duela bi urte Ohorezko Erregional Mailara igotzeko lehia bizia izan zuten bi taldeek, eta orduan Mondra irten zen garaile.

Bergara eta Mondra nor baino nor gehiago izango dira bihar, zapatua, Agorrosin futbol zelaian (15:30). Alde batean Bergara, lider sendoa. Lehen hamaika jardunaldietan partidurik galdu ez duen, bigarren sailkatua den Ordiziari bost puntu ateratzen dizkion eta etxeko partidu guztiak irabazi dituen taldea.

Eta beste aldean, Mondra; Jorge Davilaren mutilek maila ona erakutsi dute, orokorrean, baina ibilbide irregularra daramate. Bi taldeek ondo ezagutzen dute elkar, Erregional Preferente mailan bigarren postua lortzeko lehia bizia izan zuten-eta duela bi denboraldi, eta ordutik hona taldearen oinarria mantendu egin dute biek ala biek. Eta horri, derbi guztiek izan ohi duen lehiarako pizgarri berezia gehituz gero, ikuskizuna bermatuta egongo da bihar Agorrosingo gotorlekuan.

Bergara: 33 puntutik 29 lortu

Ohorezko Erregional Mailara igo berria dela jakinda, etxeko taldearen denboraldi hasiera ez sinistekoa da. Bederatzi garaipen, berdinketa bi eta porrotik ez. "Liga hasi aurretik gure helburua salbaziorako 40 puntuak lehenbailehen lortzea zen. Geure buruari jarri genion erronka futbol zelai guztietan lehiakorrak izatea izan zen eta hori oso ondo ari gara betetzen. Eta emaitzak hor daude. Orain, 33 puntutik 29 eskuratuta, gure helburua maila mantentzea dela esatea... 40 puntuak lortzen ditugunean, mailak jarriko gaitu bere lekuan eta inongo presiorik gabe gozatzeko aukera izango dugu", dio Mikel Juaristi entrenatzaileak.

Maila berrira horren ondo egokitzearen gakoa aurreko urteetako lana dela dio Juaristik: "Hiru urte daramatzagu oinarri berarekin lanean eta kontzeptuak oso landuta ditugu. Kalitatea badago, baina talde lana da arrakastaren gakoa".

Mondra: islarik ez duen "lan ona"

Sailkapenean zortzigarren postuan dagoela joango da Mondra Agorrosinera. "Taldea ondo ari da lanean, gogotsu. Emaitzetan askorik ez islatu arren, dinamika onean ari gara lanean, geroago eta talde sendoagoa osatzen gabiltza", adierazi du arrasatearren entrenatzaile Jorge Davilak. Aurkariak orain arte oso maila handia erakutsi duen arren, Davilak uste du Mondra gai dela Bergara menderatzeko.

Arrasatearrak ez dabiltza nahi beste fin ate aurrean, baina entrenatzaileak dio aukerak sortzen dituztela eta horixe dela garrantzitsuena: "Azken jardunaldian, Touringen aurka, hainbat eta hainbat aukera sortu genituen, baina ez genuen asmatzen jakin. Bergarak ez digu halako erraztasunik emango, eta, beraz, ate aurrean fin ibiltzea izango da gakoetako bat. Defentsan ere hobeto ibili beharko dugu, Bergara oso arriskutsua da eta". Bestalde, belar naturalean jokatzea "oso ezberdina" dela gogorarazi du Davilak: "Sekula ez da aitzakia izango, baina gu ez gaude ohituta belar naturalean jokatzera; espero dugu ahalik eta gutxien igartzea gure jokoan".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak