Eskoriatzako campusean, gaur, azaroak 17, egin den sinadura ekitaldian egon dira Begoña Pedrosa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa eta Filipe Bidart Etxauzia Elkartearen ordezkaria. Biek sinatu dute Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eta Etxauziaren arteko elkarlanerako hitzarmena.
Sinatutako hitzarmenak jasotzen du bi erakundeen arteko elkarlana iraunkortzeko asmoa. Elkarlan horrek aukera emango du Ipar Euskal Herrian Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen lana ezagutarazteko eta hango eragileekin zubiak eraikitzeko. Aldi berean, Etxauzia Elkarteak Mondragon Unibertsitateko fakultateko ikasleei Ipar Euskal Herri barnealdean abian diren esperientziak ezagutaraziko dizkie, eta haiek gertutik ezagutzeko aukera eman.
Ekitaldian, gainera, Huhezik berretsi du 13.000€ inguruko ekarpena egingo diola Etxauzia proiektuari bi ikasturtean banatuta.