Mimentza eta Uribe garaile euriz bustitako Antxintxika krosean

Maite Txintxurreta 2017ko aza. 4a, 22:38

Patinatzaileetan Nico Alonso eta Nagore Montes izan dira irabazle, eta, handbike modalitatean, berriz, Ion Galarraga eta Ione Basterra. Une hunkigarriak ere ez dira falta izan gaurko lasterketan, azken urtean zendutako Jose Ramon Petreñas eta Mikel Crespo izan baitituzte gogoan.

Parte hartzaileak Soraluzeko irteera puntuan azken beroketak eta luzaketak egiten ari zirela hasi da euria, eta lasterketa osoan zehar iraun du. Handbike modalitatekoak izan dira abiatzen lehenak, 16:30ean. Aipatzekoa da modalitate honetako parte hartzaileetako batek ezin izan duela irteera puntutik aurrera egin, gailua apurtu egin zaiolako. Ion Galarraga izan da helmuga gurutzatzen lehena, 24 mintutu eta 21 segunduko denbora eginaz. Haren atzetik etorri dira Aingeru Senperena (00:28:16), Ione Basterra (00:28:53) eta Ander Altuna (00:30:21).

Horien ostean, roller edo patinatzaileen txanda izan da. Hauei ez die mesederik egin euriak, eta lurra labana zegoenez, erorikoren bat edo beste izan da, baina ondorio larririk gabekoak guztiak. Modalitate honetan irabazleak Nicolas Alonso (00:21:19) eta Nagore Montes (00:26:01) izan dira. Gizonezkoen podiuma Aitor Vacasek (00:21:19) eta Iñaki Zubillagak osatu dute (00:21:27), eta emakumezkoena, berriz, Maddi Mujikak (00:26:25) eta Oihana Unamunok (00:28:03), biak ere bergararrak.

Aurpegi ezagunak eta debagoiendarrak podiumean

Lasterketa antxintxiketan egin dutenen artean, gizonezkoen kasuan, aurpegi ezagunak ikusi ahal izan dira podiumean. Izan ere, urtez urte lehenengoen artean aritzen den Aitor Mimentza elorrioarra izan da helmugaratzen lehena, 00:31:49-ko denbora osatu duelarik. Bakarrik helmugaratu da Mimentza, eta, San Martin plazara heltzen hurrena Beñat Arnaiz aretxabaletarra izan da, minutu bat pasatxoko tartearekin (00:32:41). Arnaizek debagoiendar onenari lehenengoz eman dioten Mikel Crespo saria ere eskuratu du. Soraluze-Bergara lasterketa zazpi aldiz irabazi duen Dabid Garcia durangarra, berriz, gaurkoan hirugarren izan da (00:32:54), baina, ohi duen moduan, podiumera igotzea lortu du.

Emakumezkoei dagokionean, podiumean Debagoiendarrak izan dira protagonista. Hala, gaurkoan azkarrena Maider Uribe bergarar gaztea izan da, 40 minutu eta 27 segundo behar izan dituelarik helmuga gurutzatzeko. Uribek, gainera, gaurkoan bergarar onenaren saria eta  Mikel Crespo saria ere eskuratu ditu, eta "pozik" azaldu da lortutakoarekin, are gehiago, noski, bere herriko proban izanik. Bigarren emakumezkoa Ane Zabala mondragoetarra izan da (00:41:02), eta bera ere sari batekin baino gehiagorekin itzuli da etxera, beteranorik onena ere bera izan baita. Bukatzeko, Ainhoa Aspiazu izan da gaurkoan hirugarrena, bera ere bergararra. Etxekoek maila ezin hobea erakutsi dute, beraz, 13. Antxintxika Krosean.

Bergarar onenaren saria, gizonezkoetan, Andoni Gomezek jaso du (00:34:40), eta gizonezko beteranorik onena ere debagoiendarra izan da, Arrasateko Iñaki Vazquez (00:35:25). Sailkapen orokorrean hamargarrena izan da Vazquez. Parte hartzailerik beteranoenaren saria ere bergarar batek jaso du, Aitor Erañak, hain zuzen (00:42:04).

Omenaldietarako tartea

Korrikalariak abiatu aurretik, Soraluzeko irteera puntuan, minutuko isilunea egin dute Jose Ramon Petreñas arrasatearraren omenez. Petreñas atletismoko epailea zen, eta urtero urtero bertaratzen zen Soraluze-Bergara probara. Aurtengo abuztuaren amaieran zendu zen Petreñas.

Horrez gain, gaurkoan antolatzaileek zein parte hartzaile askok oso presente izan duten beste pertsona bat Mikel Crespo aretxabaletar gaztea izan da, abuztuan Piriniotan hil zena, eta Antxintxikako kidea zena. Aipatu bezala, aurten lehen aldiz saritu dituzte Debagoieneko gizonezkorik eta emakumezkorik onenak, eta sariok Cresporen izena eraman dute, eta hala izango da datozen edizioetan ere.

Bada, sari banaketaren aurretik Antxintxikakoek omenaldia prestatu diote Crespori, eta haren gurasoei aurreskua dantzatu diete dantzariek, eta lore sorta bat oparitu diete. Une hunkigarria izan da guztientzako, are gehiago, kontuan izanik gaurko eguna Cresporen urtebetetzea izango litzatekeela. Gaurkoan, bere lagun kuadrilakoak edota berarekin batera begirale ibilitako lagunak taldean parte hartzera animatu dira.

Erlazionatuak

Argazki galeria: 13. Antxintxika Krosa

Maite Txintxurreta 2017 aza 04 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak