Fagor marka ezin izango du erabili CNA Group-ek

Miren Arregi Amasorrain 2017ko aza. 3a, 11:30

CNA-k Fagor marka erabiltzeko duen eskubidea galduko du azaroaren 7an, martitzena. "Hitzarmenean jasotakoak ez dituzte bete" eta "Edesa Industrialen egoera min handia egiten ari zaio Fagor markari", adierazi dute Fagorreko iturriek.

CNAk Fagor marka erabiltzeko duen eskubidea galduko du datorren martitzenean, azaroak 7, baldin eta Catak ez baditu 2014ko hitzarmenean –markaren lagapen hitzarmenean– jasotakoak betetzen. Fagor Kooperatiba Elkarteak, CNAri Fagor marka erabili ahal izateko lagapena egin zion orduan. Orain, eta Kataluniako taldeak hitzarmen hartan jasotakoak bete ez dituela ikusirik, marka erabili ahal izateko eskubidea kenduko diote: "Egoera muturrekoa da", diote Fagorreko iturriek. "Edesa Industrialen egoera min handia egiten ari zaio Fagor markari". Izan ere, Fagor, "oso ondo doazen zazpi kooperatibak" osatzen dute eta Edesa Industrialen egoerak "kaltea" besterik ez dio ekarri markari. "Kalte hori neurtezina da, eta Fagorren oso haserre eta desesperatuta gaude gaiarekin", diote.

Hitzarmena betetzea

CNAk marka erabiltzen jarraitzeko zein aukera dauden galdetuta, horrela erantzun dute: "Oso erraza da. Hitzarmena bete dezatela". Bi dira hitzarmen horren oinarriak. Lehena, bailaran 350 lan-postu sortzea; bigarrena, Fagor marka, merkatuko maila altuenetan mantentzea. "Argi dago ez dutela bietako bat ere bete. Eta zail ikusten dugu dauden egoeran eta martitzenera bitartean bete ahal izatea. Edesa Industrial hartzekodunen lehiaketan egonda ia ezinezkoa da".
Iturri horiek baieztatu dutenez, joan den astean eman zitzaion CNAri ultimatumaren berri: "Burofax bidez egin zitzaien jakinarazpena". Cataren aldetik, hitzarmena beteko duten asmorik ez dutela erakutsi gehitu dute".

Hartzekodunen lehiaketan

Joan den egubakoitzetik hartzekodunen lehiaketan da Edesa Industrial. Enpresak ohar bidez adierazi duenez, une honetan hainbat inbertsorerekin negoziazioak lotzen ari dira, eta konfiantza agertu dute, enpresaren etorkizuna behin betiko konponduko duten eskaintzak aurkeztuko dituztela. Fagor Kooperatiba Elkarteak bere aldetik, ez du konfiantzarik CNAren bideragarritasun plan horretan: "Inork ez du Cataren bideragarritasun planik ikusi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak