Sailkapenak inoiz ez du talde guztien errealitatea berdin erakusten. Zenbaki hotzak dira, puntu batuketa bat, baina ez egia osoa. Beti ez da berdeguneetan gertatu izandakoaren isla. Mondrak, orokorrean, sentsazio onak transmititu izan ditu liga hasieratik –beti egoten dira salbuespenak–. Josu Zubiarekin iazko liga amaieran izandako txakalaldia gainditu dute, baina Davilaren eta Romeroren mutilek partidu batzuetan ez dute lortu berdegunean erakutsitakoari etekina ateratzerik; merezitakoa baino gutxiago jaso izan dute. Horregatik, sailkapeneko zazpigarren postuak (13 puntu) nekez erakusten du talde horren benetako gaitasuna, eta bai joan den astean Gal-en egindako partiduak (0-5).
Hasierako ordu erdian indarrak parean egon baziren ere, 30. minututik aurrera zaparrada jaso zuen Real Unionek –Imanolek, Aizpuruak, Gorkak, Mikelek eta Pavonek egin zituzten golak–. Bada, zurimoreek zapatuan dute, sailkapenean ondoan duten Amaikak Batek kontra –puntu bat gutxiago dute debarrek–, goialdean egoteko hautagai direla erakusteko aukera.
Bergarak lider jarraitzen du
Berdindu egin zuen joan den astean Bergarak (1-1), eta lehenengo postuan egoteko beharrezkoa den jarrerari esker berdindu zuen: atzetik joan arren, amore eman ez zuelako. Izan ere, 88. minutuan egin zuten mahoneroek berdinketaren gola, eta lider jarraitzen dute. Bihar, berriz, liderraren sendotasuna kolokan jartzera etorriko da bigarren dagoen Tolosa. Oilarren arteko partidua, beraz. Domekan Ibarran Aretxabaletak eta Oiartzunek jokatuko duten partiduak ere erakargarritasun handia du, laugarren eta bosgarren postuetan daude eta. Biak datoz joan den asteko partidua berdintzetik; UDAkoek, gainera, haserre amaitu zuten epaileen lanarekin.