Zapatuan, 17:00etan, 400 korrikalari inguruk hasiko dute Antxintxika Krosaren 13. edizioa –Mikel Crespo memoriala–. Eguaztenerako 330 lagunek emana zuten Internetez izena, eta oraindik 24 ordu zituzten korrikalariek: "Aspaldi konturatu ginen lasterkariak urtero gurera erakartzeko mimatu egin behar ditugula. Gaur egun proba mordoa daude, eskaintza zabala da, eta ez bakarrik errepideko lasterketetan, baita mendikoetan ere. Eta, zerbait berezia eskaini behar diezu korrikalariei: ondo antolatutako proba bat, eroso egon daitezela, anoa-postu egokiekin, urtero opari ezberdin bat eman... Esaterako, jendea nekatuta dago leku guztietan opari moduan kamisetak jasotzearekin, eta gu halako detaileak zaintzen ahalegintzen gara, urtero ematen diegu zerbait ezberdina", adierazi du Aitor Rementeriak. Bada, lasterketa behar den moduan antolatzeko, Antxintxika taldea osatzen duten ordezkari ia guztiak egongo dira bihar lanean: "Eta gure taldekoekin batera Hanka Labanka patinatzaile taldekoen eta Aspaceko lagunen laguntza ere izaten dugu. Guztira, 70 lagun inguru izango gara lanean".
Aspanogirekin elkarlanean
Bestalde, lasterketako izen-emate bakoitzeko euro bat Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartearendako izango da: "Aspanogiko lagunek karpa bat jarriko dute plazan, eta jertseak, eskumuturrekoak... saltzen ibiliko dira. Horrelakoetan, giro polita jartzen dute", adierazi zuen Antxintxikako beste ordezkari batek, Mikel Lasak, aurkezpen egunean. Hala, hamahirugarren edizioak hainbat momentu berezi izango ditu, eta horietako bat izango da atletismo epaile zen Jose Ramon Petreñas eta Mikel Crespo taldekidea gogoan izango duten unea –bailarako azkarrenek Aretxabaletako gaztearen izena izango duen saria irabaziko dute–.
Maila oneko korrikalariak
Lasterketaren antolatzaileek aurreratu dute patinatzaileen artean iazko gizonezko eta emakumezko onenak irteera puntuan izango direla. Eta korrikalarien artean bizkaitarren artean borroka polita egongo dela: David Gartziak –proba zazpi alditan irabazi du– eta Aitor Mimentzak esan dute lasterketan egongo direla. Eta, hain zuzen, borroka horretan egoten ahaleginduko dira, besteak beste, Beñat Arnaiz, Endika Donnay eta Iñigo Alzola korrikalariak.