Istripu larria izan zela martitzenean Arcelor Mittalen salatu du LABek

Urriaren 31n gertatu zen istripua Arcelor Mittalen Bergarako lantegian LABek salatu duenez. Pisu handiko laminaziozko zilindro bat gainera erori zitzaion langile bati, estropezu eginda mandoaren gainera erori zenean. Horrek ondorio larriak ekarri dizkiola adierazi dute sindikatutik.

"Lan hau bi pertsonen artean egin beharrekoa izanik, pertsonal faltak zorigaiztoko amaiera izan zuen. Beste behin argi gelditu da prekarietatea dela erantzulea", adierazi dute LABeko ordezkariek.

Era berean, "etorkizuneko planik gabeko enpresa" dela diote: "Plan industrialik gabekoa, inongo inbertsiorik egin gabe subentzioak jaso dituena, langileen prekarietatearen kontura soilik aurrezten duena. Arriskuen prebentzioa Arcelor Bergaran amets hutsa da". Horregatik, ez dela harritzekoa istripu gehiago ez egon izana adierazi dute: "Bergarako planta ireki zenetik ia ez da inbertsiorik egin, eta horren lekuko dira enpresako makinen eta instalazioen egoera. Arcelorren langileok egunez egun lanean bizitza uzteraino arriskatzen gara".

"Prekarietateak hil" egiten duela gaineratu dute, eta "lan istripuek erantzuleak dituztela, kasu honetan Arcelor Mittal enpresa".

Lan istripuak ez direla kasualitatez gertatzen gaineratu dute, eta arazoa estrukturala dela. Hala, galdera luzatu diote Arantza Tapiari: "Tapia anderea, zein industria aurrerakoi saldu nahi diguzu, bi astetik behin langile bat hiltzen denean lan istriputan Euskal Herrian?".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.