Estilo anitzetako banda eta kantuak izan dira lehian. Rocka gehinbat, baina baita pop, metal eta punk alternatiboa ere.
Epaimahaia Ritxi Aizpuru (musika editore eta Baga Biga diskoetxeko arduraduna), Xabi Hoo (Enkore taldeko abeslaria), Maia Muruaga (Euskal Irratiko kazetari eta esataria) eta Aritz Gonzalezek (Last Tour International) osatu dute. Beraiek aukeratu dituzte lau finalistatako hiru: Bilboko Aneguria, Berako Azken Trena eta Basauriko Raust! Aukeratu dituzte finalerako epaimahaia osatzen dutenek. Laugarren finalista publikoak aukeratu du Internet bidez bozkatuta; Galdakaoko Akabu taldea izan da puntu gehien lortu dituena, guztira 10.612.
Taldeek publikoaren laguntza eta botoak behar izango dute berriro ere Azaroaren 24an Bilborocken ospatuko den finalean. Epaimahaikideak ere bertan izango dira kontzertuak ikusten eta irabazlea zein izango den erabakitzen.
Nahi duen edonor joan ahalko da finalera eta Banden Lehiako finalistez gain, Itziarren Semeak taldeak kontzertua eskainiko du.
Akabu
Galdakaoko laukote gazte honek punk metal estiloa jotzen du, musika azkarra eta letra gogorrak. Aurtengo urtean hasi dira zuzenekoekin eta uda honetan bertan atera dute beraien lehen diskoa, 11 abesti propioz osatuta dagoena.
Aneguria
Durango eta Bilbo bitartean hezitako abeslari hau Rap eta raggamuffin bitartean dabilen "MC" da. Euskarazko bat-bateko rap eta bertso solasetan ibili ohi da. 2017ko ekainean Aneguriak bere bakarkako lehen lana atera du Horchata de chufa izenarekin.
Azken Trena
Beran sortutako talde honek Rock Alternatiboa jorratzen du. Hala ere, beste hainbat estilo ere lantzen dituzte, besteak beste, blues, pop-rock eta psikodelia. Lehen diskoa atera berri dute, Zerotik izenekoa. Zenbait bertsolari eta musikariren kolaborazioak dituzte beraien lan horretan.
Raust!
2015eko hasieran sortu zen, Deustuko Gazte Lokaleko Bertsio Gauean jotzeko asmoz. Hasierako plan horren barruan sortutako lagun giro horretan, abesti propio batzuk sortzea erabaki zuten. Zenbait kontzerturen ostean, lehen demoa grabatzera animatu ziren eta aurten argitaratu dute. Rocka, bluesa, grungea eta metala dituzte ardatz.