"Euskal Herrian emakumezko askok erakutsi dute pilotan jokatzeko interesa, eskuz binaka antolatu genuen lehenengo Emakume Master Cup Txapelketan, eskuz binakakoan, 80 pilotarik eman zuten izena, eta orain lau t'erdikoa hasi berri dugu. Oraingoan 66 pilotari animatu dira, eta oso pozik gaude; izan ere, hogei pilotari berriak dira, eta hori da albiste ona", adierazi du txapelketako antolatzaile Iker Amarika bizkaitarrak. Izan ere, "pilota ez da inoiz izan soilik gizonezkoen kirola. Azken urteotan, emakume pilotarien kopurua handituz doa eta eskupilotan dagokien mailako txapelketa bat behar zuten".
Eta, hain zuzen, Emakume Master Cup dator hutsune hori betetzera: "Bi kategoriatan banatu ditugu, lehenengo mailakoak eta elitekoak, eta asteburuan Oñatin jokatuko duguna lehenengo mailako bigarren kanporaketa izango da, joan den astean hasi genuen-eta txapelketa, Santurtzin. Tartean daude ibarrekoak Txapelketan izena eman duten pilotarien artean daude hiru bergarar eta beste hiru oñatiar. Uxue Zubizarreta, Arrate Bergara eta Maddi Barrokal bergararrak dira, eta Oñati ordezkatuko dute –eta asteburuan etxean jokatuko dute– Mireia Mugerzak, Malen Etxegaraik eta Uxue Osesek: "Eurekin batera, eskuz binakakoan Itziar Gartziak ere jokatu zuen, baina txapelketa honetarako ez da animatu", dio Amarikak. Zapatuan eta domekan Hala, zapatuan 10:00etan hasiko dituzte partiduak, eta domekan 10:30ean. Guztira bost multzotako pilotariek jokatuko dituzte kanporaketa partiduak.