Markel Olano diputatu nagusiak "erabat" gaitzetsi du Espainiako gobernuak 155. artikulua aplikatzea onartu izana, eta azpimarratu du neurri hori "Kataluniako autonomiaren interbentzio antidemokratikoa" dela, nahiz eta Espainiako gobernuko presidenteak esan "ez dutela autogobernua bertan uzten, baizik eta Generalitateko agintariak kargugabetu".
Horren harira, Olanok ohartarazi du Rajoyren exekutiboak hartutako neurri honek Estatuaren eredu konstituzionala "apurtzen duela", eta "ez duela bakarrik eragina izango Katalunian, autonomia guztietan baizik, eta Euskadin ere bai". "Honek guztiak" –gaineratu du–, "ekarri du Espainiako demokraziak sinesgarritasun osoa galtzea".
Olanok bere "errespetua" berretsi du Kataluniako erakundeekiko, izan ere, "saiatzen ari dira herritar katalanen erabakitzeko eskubidearen alde egiten". Hala, "erabateko babesa" helarazi dio herri kataluniarrari, "Gipuzkoak inoiz baino gertuago sentitzen duena", eta baita Puigdemont-i, bere gobernuari eta Parlament-ari.