Goizean goiz, euria sendo egin die entsegu momentuan, baina herri guztitik zehar egin duten kalejiran ateri egin die. Hala, 11:00ak arte herriko kaleak zeharkatu dituzte egunerako batu diren txistulariek.
Kalejiraren ostean, indarrak hartzeko, luntxa izan dute Hotela tabernan, eta 13:30etan, berriz, kontzertua eskaini dute plazan. Egunari amaiera emateko, berriz, bazkaltzera joan dira egunerako batu diren txistulariak.
Egun arrakastatsua
Guztira, 50 txistulari inguru batu dira, eta Leintz bailarako Txistularien Eguna izan arren, beste hainbat tokitatik ere gerturatu zaizkie hainbat musikari. Hala azaldu du Jota Arrieta txistulariak: "Bailarako Txistularien Eguna izan arren, Gasteiztik ere etorri zaizkigu hainbat, baita Soraluzetik ere. Gainerakoak, Eskoriatza, Aretxabaleta, Leintz Gatzaga, Arrasate eta Oñatikoak batu gara. Goiz ederra pasa dugu, eta plazako emanaldiara ere etorri dira herritarrak kontzertua ikustera…".