Orain dela zortzi urte egin zuten lehenengo aldiz Bailarako Txistulari Eguna Eskoriatzan. Harrezkero, Aretxabaletan eta Arrasaten ere egin izan dituzte. Urtero elkartzen dira eta gaur, zapatua dute hurrengo hitzordua eginda, Eskoriatzan.
Hastapenetan moduan, gaur egun ere, helburua, elkarren konpainian egun eder bat pasatzea, eta batez ere, kalera aterata, txistua bizirik dirauela erakustea da. "Antolatu genuen lehenengo Topaketa hura bailaran zeuden txistulariekin eta taldeekin ospatzeko sortu genuen, baina gerora inguruko herrietakoei ere egin izan diegu gonbita; hortaz, gaur, berrogeita hamar lagun inguru elkartuko garelakoan gaude", azaldu du Eskoriatzako txistulari taldeko Jon Errastik.
Kalejirak eta kontzertua
Elkarrekin egun pasa ederra egiteko asmoarekin, aurreko urteetako bidetik antolatu dute gaurko eguna. "Egitarau xumea da; ohitura dugun moduan gaur ere elkartu orduko elkarrekin entsegu txiki bat egingo dugu , aurretik talde bakoitzak bere aldetik prestatu dituen kantuak elkarrekin nola josten ditugun ikusteko. Ondoren, hamaikak inguruan, kalejira egingo dugu eta herria punta batetik besteraino zeharkatuko dugu. Eguerdian, 13:00etan, kontzertua egingo dugu herriko plazan. Bide batez, eskoriatzar eta inguruko herrietakoei gonbita luzatzen diegu herriko plazaraino hurbil daitezen emanaldiaz gozatzera. Elkarrekin bazkalduko dugu gero, eta arratsaldean, indarrek iraun bitartean, kaleak txistuen doinuekin beteko ditugu".