Sobietar iraultzak 100 urte bete dituela eta, egitarau berezia egongo da Bergaran lehenik, eta ostean Oñatin.
Urriaren 24tik azaroaren 3ra, Bergaran
Bergarako Sobieta deritzon taldeak zenbait ekintza antolatu ditu. Mendeurrena ospatzea eta iraultza hark izan zuen "garrantzia" gogora ekartzea izango dira antolatu duten egitarauaren helburu nagusiak. "Mendeurrena aurten ospatzen denez, ideologia ezberdineko norbanakoak elkartu ginen zerbait egiteko. Guretzat garrantzi handia izan zuen urriko iraultzak, eta, horregatik, Bergaran ere urria gorria eta iraultzailea izango da", adierazi dute. Urriaren 24an emango diote hasiera egitarauari, kalean egingo duten sorpresa batekin (18:00).
Azaroaren 5etik 19ra, Oñatin
Iraultzaren urteurrena aitzakia "ederra" dela uste dute antolatzaileek, "XX. mendeko gertakari garrantzitsuenetariko bati buruz gehiago ikasi, eta bide batez, sistemaren edo gizarte ereduaren eztabaidari heltzeko". Jardunaldi hauekin, gaur egungo gaiak zeharka lantzeko aukera ere egongo dela iragarri dute: "Euskal Herria, ekologia, feminismoa, anti-desarrollismoa, etab". Eskaintza zabalarekin "publiko anitz bat" ase nahi dute. Denetariko ekitaldiak egongo dira: hitzaldiak, autoformakuntzak, pelikula-dokumentalak, poesia, errezitaldia, lau fanzine, musika bilduma bat, bazkari errusiarra...
Jardunaldiak ezagutzera emateko bi bideo partekatu dituzte. Bixamon gorria bideoak, ordu gutxitan ikustaldi asko izan ditu.