Mintzapraktika programaren lorpenak eta erronka berriak aztergai, Arrasaten

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko urr. 19a, 12:55

Mintzapraktika Jardunaldiak egin dituzte gaur Arrasaten. Hamabost bat lagun elkartu dira, eta egitasmoak hazten jarraitzeko helburuarekin bidelarien zein bidelagunen premiak aztertu dituzte.

Parte-hartzaileen artean izan dira Bergarako, Elgetako, Lasarte-Oriako, Eibarko zein Arrasateko mintzalagun koordinatzaileak eta horiekin batera EMUN-eko aholkulari bat zein Lasarte-Oriako Ttakun elkarteko kideak. Azken horiek Belarri Prest eta Aho Bizi ekimenetako esperientziaren berri eman dute.

Mintzapraktika taldeak bidelariek eta bidelagunek osatzen dituzte. Euskal Herri osoan 6.000 bat lagunek dihardute talde horietan, eta horien artean 1.200 bidelagunak dira. Hau da, euskara ikasten ari diren bidelariei bidea egiten laguntzen dieten euskal hiztunak. Egindako azterketek erakusten dute programa eraginkorra dela, baina hobetu daiteke eta horretan dihardute Topagunetik.

Bidelariek, esaterako, mintzapraktika taldeetatik kanpo euskaraz egiteko aukera gehiago eskatzen dituzte eta Topaguneak buru-belarri dihardu Euskarak 365 egun dinamikaren bueltan lanean. Hainbat ekintza antolatzen ari dira eta asmoa da ekimen horiek eragin zuzena izatea mintzalagunengan. Ideia da bidelarien egunerokotasunean eragitea euskara gehiago erabiltzeko aukerak eskainiz.

Bidelariek, beraien aldetik, talde dinamiketan eraginkorragoak izateko baliabideak eskatu dituzte. Zentzu horretan gaurko jardunaldietan hainbat gauza aipatu dira. Nabarmendu dute mintzapraktika taldeetan, batez ere, komunikazioa dela lehentasuna. Zuzenketak egingo diren edo ez talde bakoitzak adostu behar du, eta komeni da zuzenketa horiek amaieran eta modu labur batean egitea.

Bestetik, taldeko kide guztien parte-hartzea ziurtatu behar da. Esaterako, taldean kide batzuk beste batzuk baino berba askoz ere gehiago egiten badute komeni da hori orekatzea. Puntu hori ere hasierako saiotik adostea gomendatu dute.

Mintzapraktika taldeetako kideak tarteka aldatzea ere garrantzitsua deritzote, dinamika bera haize-berritzeko. Esan dute hiru urtetik gora komeni dela taldeak aldatzea.

Gaur ateratako ondorioak kontuak hartuak izango dira mintzalagunei baliabide berriak eskaintzeko. Bien bitartean taldeak martxan dira eta asteotan eman diote hasiera ikasturte berriari. Agirrek aukera baliatzeko deia egin du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak