Bidean da 52. Durangoko Azoka

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko urr. 17a, 16:25
Gaur goizean egin dute 52. Durangoko Azokaren aurkezpena.

Abenduaren 6tik 10era bitartean kulturaren plaza bihurtuko da Durango; egun horietan egingo dute Gerediaga elkarteak askotariko elkarte eta erakundeekin elkarlanean, 52. Azoka. Jose Antonio Sistiaga margolariak egindako kartela izango da aurtengoaren irudia eta Sormenaren lurraldea DA!, berriz, aukeratutako leloa. Kurutzesantu Museoan aurkeztu dituzte gaur, martitzena, Azokaren ildo nagusiak.

Aurkezpenean, Gerediaga elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariekin batera, babesle publikoetako ordezkariak izan dira: Joxean Muñoz –Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea–; Ana de Castro –Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria–; Aitziber Irigoras –Durangoko alkatea– eta Maria Jose Telleria –Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria–. BBK, Euskaltel eta Eroskiko kideak ere izan dira, Azokako babesle pribatuetako ordezkari gisa.

'Sormenaren lurraldea DA'

Azoka sormenari begira jarri da aurten, halaxe adierazten du aukeratutako lelo nagusiak. "Gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza", azaldu du Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak. Presidentearen esanetan, bost dira lurralde honek dituen elementu nagusiak: sortzaileak, hartzaileak, azpiegiturak, sareak eta kultur politikak. "Bost elementuek bizia hartzen dutenean gertatzen dena zoragarria da: sortzaileak hartzaileak dituela, entzuleak plazera aurkitzen duela eta plazerak plazer berritua sortzea dakarrela. Izan ere, sormenaren lurraldeak, duela hamar urte hartzaile zena gaur sortzaile izatea ahalbidetzen du".

Atzera kontaketa hasi da, 52 egun besterik ez dira geratzen guztia prestatu eta aurtengo Azokako ateak zabaltzeko; aurten, hirugarrenez, bost egun izango ditu. Mujikak gonbidapena egin die bisitariei Durangora gerturatzeko: "Bost egun eta 50 ordu dituzu errutinatik atera eta sormenaren lurraldea bizitzeko. Bidaiatu sormenaren lurraldera!".

Diapositiban oinarritutako kartela

Jose Antonio Sistiaga margolaria izan da "sormenaren lurraldeari" irudia jartzeko arduraduna. Impresiones en la alta atmosfera pelikula esperimentalaren filmina edo diapositiba batean oinarritutakoa da. 1989. urtean egin zuen, filmina guztiak eskuz margotuz, kamera barik. Lanak zazpi minutuko iraupena du, 10.000 diapositibaz osatuta dago eta ikusleak "munduaren sorrerara bidaia" egiten du. Gerediagako kide Txelu Angoitiak azaldu duenez, "bidaia luze horretatik, zeluloidean margoturiko milaka izar eta planetetatik bakarra berreskuratu dugu sormenaren lurraldea islatzeko".

Sistiaga 1932. urtean jaio zen Donostian eta Euskal Herriko margolari garrantzitsuenetako bat da. Margolaritza ikasketak Parisen egin zituen, eta 1966. urtean Gaur Euskal Artisten Elkartean parte hartu zuen, Oteiza, Txillida, Zumeta eta beste artista batzuekin batera. Azken urteetan hainbat erakusketa egin ditu nazioarteko museo eta galerietan.

1968. urtean erabili zuen Sistiagak lehen aldiz zeluloidean margotzeko teknika hau, Era erera baleibu izik subua aruaren filma esperimentalean. Teknika berritzailea izan zen, filmina guztiak eskuz margotutako lehenengo pelikula izan zelako, eta gaur egun eskuz margotutako film luze bakartzat hartzen da. 100.000 filmina baino gehiago margotu zituen, 17 hilabetez.

Ikasleen Egunean, gazteentzako eta helduentzako tailerrak

Bigarren egunean, abenduaren 7an, izango da aurten Ikasleen Eguna. Euskal Herriko askotariko ikastetxeetatik hurbilduko dira goizean eta hainbat tailer izango dituzte eskura. Irailean ireki zuten izena emateko aukera eta dagoeneko leku guztiak bete egin dira.

Arratsaldean, berriz, iaz moduan, helduentzako tailerrak antolatu dituzte, batik bat berbalagun eta euskaltegietako ikasleei begira. Tailerretan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da  Durangokoazoka.eus webgunean; urriaren 31 da azken eguna.

Honako horiek eskainiko dituzte aurten:

 - Rap tailerra, musika hiri-kulturak (Ahotsenea musika, 16:30ean). Tailerraren hasieran azalduko da zer den rapa, nondik sortzen den eta zer nolako tokia hartu duen gure kantagintzan. Bigarrenik, saio praktiko batzuk egingo dira. Helburu nagusia rapera hurbiltzea da euskal rapero baten eskutik.

- Durangoko bonbardaketako aztarnak, bisita gidatua (Areto nagusia, 17:30ean). 80 urte dira Durango bonbardatua izan zela. Gaur egun, oraindik, erasoa izan zela agerian uzten duten aztarnak daude. Durangoko kaleetan zehar egingo den bisitan, aztarnak ikusi eta bonbardaketa nola gertatu zen ezagutzeko aukera izango da.

- Bikoizketa tailerra (Irudienea, saio bi, 16:30ean eta 18:30ean). Telebistan ohikoak diren telesail eta filmetako pasarteak nola bikoizten diren ikasiko dute parte hartzaileek, bikoizle profesionalen eskutik.

- Autodefentsa digitalaren hastapenak (Kabi@, 16:30ean). Tailerrak mundu digitalak pribatutasunaren inguruan jartzen digun erronken inguruan hausnartzea du helburu. Hitzaldi labur baten ostean, gure sakelako telefonoetan geure burua defendatzeko neurriak hartzen ikasiko dugu app eta konfigurazio ezberdinak erabiliz.

Azoka herriz herri!

Ahotsenea-ren 10. urteurrena ospatu eta kulturaren plaza zabaltzeko asmoz, Durangoko Azoka herriz herri ibiliko da. Tafallan egin zuten lehenego geldialdia irailaren 29an eta Bilbon egingo dute hurrengoa, urriaren 20an, BIBA kulturgunean. Dagoeneko BIBA eta Adaxkan ikusgai duden argazki erakusketarekin batera, urriaren 20an emanaldia egongo da Mikel Etxaburu idazlea eta Kintsukoroi musika taldearekin, 20:00etan. Erakusketa jada ikus daiteke BIBA eta Adaxkan.

Horren ostean Gasteizen eta Azpeitian ere hitzorduak egongo dira. Azaroaren 3an Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean 20:00etan, Keu Agirretxea & Jon Gurrutxaga musikariak eta Karmele Jaio idazlea. Azpeitiara azaroaren 16an helduko da, San Agustin Kulturgunean, 20:00etan, Gorka Urbizu musikarik eta Gotzon Barandiaran idazle izango dira.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak