Ligako seigarren jardunaldia jokatu dute asteburuan Ohorezko Erregional mailan, eta Bergarak lidergoan jarraitzen du –Ordiziarekin batera– jokatutako sei partiduetatik bost irabazi eta gero. Mahoneroek 0-1 egin dute aurrealdeko postuetan dagoen Oiartzunen kontra, eta berretsi egin dute eurena ez dela kasualitatea: denboraldiko sorpresa dira.
Mondrak puntu bat ekarri du Mutrikutik, baina gehiago ere izan zitezkeen, hori lortzeko merituak egin zituzten-eta zuri-moreek. Mutrikuarrak baino gehiago izan ziren Davilaren mutilak, hobeto jokatu zuten, eta Uribesalgok egindako 1-0ekoarekin aurreratu zen Mondra. Baina, etxekoen esanetan epaileak "asmatutako" penalti bati esker lortu zuen Mutrikuk partidua berdintzea, eta puntuarekin eta berdegunean erakutsitako sentsazio positiboekin konformatu behar.
Aretxabaletak, azkenik, lidergoan dauden taldeen multzotik pauso bat atzera egin behar izan du Zarautzen. Kostaldekoak oso irregular dabiltza, etxetik kanpora ez dute asmatzen, baina etxean jokatutako hiru partiduak irabazi egin dituzte, eta Aretxabaletaren kontra ere hiru gol eginda nagusitu ziren (0-3).
Hala, datorren asteburuan etxean jokatuko dute hiru ordezkariek. Pasaia hartuko du Aretxabaletak, Oiartzunen kontra jokatuko du Mondrak, eta Real Unionen bisita izango du Bergarak.