Aste amaiera gogorra datorkio Leintz Arizmendi taldeari

Iker Oñate 2017ko urr. 11a, 09:29

Bihartik hasita, bi partidu jokatuko dituzte Leintz Arizmendi futbol taldeko neskek. Etxean dute lehena.

Aste honetan bi partidu jokatuko dituzte Leintz Arizmendiko neskek. Eguenean dute lehena, Mariño taldearen aurka; 12:00etan dute hitzordua, Mojategi futbol zelaian. Bada, garrantzitsua izango da aste amaiera ondo hastea. "Sailkapeneko lehen hiru postuetan dauden taldeak ez bezala, gainerakoon artean puntu gutxiko aldea dago. Beraz, jardunaldi batek asko alda dezake sailkapena", azaldu du Andoni Ezkurrak, taldeko entrenatzaileak.

Esan beharrik ez, bestetik, aste amaiera ondo hasteak hurrengo partiduan izango lukeen eragina. "Partidu bat irabazteak konfiantza ematen dizu; eta horrek eragina izaten du hurrengo norgehiagokan. Beraz, lehena irabazita, indar handiagoz jokatuko dugu bigarrena. Are handiagoa, azken partidua galdu ostean", aitortu du. Esan du, dena den, partidu "zaila" izango dutela eguenekoa, "txapelketako gainerakoak bezala".

Bestalde, zapatuan –hilak 14– dute hurrengo partidua, 16:00etan hasita, Hernaniko Zubipe futbol zelaian. Gauzak horrela, ezin uka aste amaierak izango duela islarik sailkapenean. Gaur-gaurkoz, hamahirugarren postuan  –hamasei talde daude– dira Arizmendi Leintzekoak, lau punturekin. Hori bai, garaipen bakarrera dute seigarren sailkatua.

Ibarreko taldeak, etxean

Euren aldetik, Erregional Preferente mailan diharduten ibarreko talde gehienek etxean jardungo dute asteburuan. Azpimarratu beharrekoa da, horien artean, Aretxabaletaren eta Antzuolaren arteko derbia. Bestetik, Beasainen aurka jokatuko du Aloña Mendik; Zestoaren kontra Bergarak; eta, azkenik, Soraluze izango du aurkari Mondrak.

Erregional Ohorezko Mailako taldeek kanpoan jokatuko dute asteburuan. Zarautzen jardungo du Aretxabaletak; Mutrikun Mondragonek; eta Oiartzunen Bergarak. Beraz, asteko jaiegunek ez dute eraginik izan aipaturiko taldeen hitzorduetan.
Edizioa ixtean, zehazteke zituzten Erregional Preferente eta Erregional Ohorezko mailetako hitzorduak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak