Eskoriatza plato bihurtuko da urriaren 28an. Izan ere, Eingeinke elkarteak Ti-tau! Umorezko Film Laburren Lehiaketaren seigarren edizioa antolatu du.
Umorea izan beharko da aurkezten diren lanen funtsa, eta, egun ederra pasatzeaz batera, gazte euskaldunen sormena bultzatzeko helburuarekin ere antolatu dute lehiaketa Eingeinke elkarteko kideek.
Lehiaketa ekainaren 10ean egitekoa zen, hasiera batean, baina atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek, antza, data ez zutelako ondo aukeratu. Hala, azken prestaketa-lanak eginda, izen-ematea zabalik dago, eta sari potoloak irabazteko aukera izango da; izan ere, 2.000 euro banatuko dira saritan seigarren edizio honetan.
Egin beharrekoa
Ikus-entzunezko munduan aditua izan edo ez, lagunekin zein bakarka, barrez lehertzeko moduko eguna pasatzea da lehiaketaren helburu nagusia. Horretarako, gehienez ere lau minutuko umorezko film labur bat grabatzea eskatuko zaie parte-hartzaileei. Argazki kamera, bideokamera edo mugikorra erabilita.
Goizean, 09:30ean, Ibarraundi museoan batuko dira parte-hatzaileak, eta lanean islatuta agertu beharko den gaia eta bideoak bete beharko dituen baldintzak banatuko dira. Gaia objektu bat izango da eta herriko hainbat leku agertu beharko dira aurkeztutako lanean. Ideia pentsatu, grabatu eta bideoa muntatzeko 19:00ak arte izango dute helduen saileko parte-hartzaileek. Gazteen sailekoek, berriz, 18:00etan entregatu beharko dituzte lanak. Hala, antolakuntzak txoko bat emango dio talde bakoitzari, argindarrarekin eta wifiarekin, grabaketa planifikatu eta edizio-lanak egiteko –Ibarraundi museoan–.
Lan guztiak pendrive batean aurkeztu beharko dira, eta horiek entregatu ostean, 20:30ean, luntxa egongo da, epaimahaiak lan guztiak ikusten dituen bitartean. 22:00etan, berriz, lanen proiekzioa eta sari banaketa egingo da Zaldibar antzokian; horrela amaituko da eguna.
Aurtengo edizioan, gazteen saila sortzea erabaki dute antolatzaileek. Gazteen artean teknologia berrien erabilera egokia sustatzeko, alde batetik, eta ikus-entzunezkoen mundura gerturatzeko asmoz, bestetik
Izen-ematea zabalik
Izen-ematea Titaulehiaketa.wordpress.com webgunean egin beharko da, eta dagoeneko eman daiteke izena. Horretarako azken eguna urriaren 28a izango da, eta webgunean, bete beharreko datuez gain, lehiaketaren gaineko informazioa ere ikusgai dago.