Zapatuan egingo dute Antxintxiketan taldeak antolatuko duen azken Arrasate-Oñati

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko urr. 10a, 21:59

"Pena handiz, baina hauxe da Antxintxiketan taldetik antolatuko dugun azkenengo Arrasate-Oñati lasterketa", adierazi du Asier Osinagak prentsaurrekoan. "Lasterketak bizirik jarraitu dezan errelebo bila gabiltza".

Eguerdian egin dute Arrasate-Oñati lasterketaren 34. aldiaren aurkezpena, babesle den LANA enpresaren bulegoetan. Bertan aurreratu dute Antxintxiketan taldeak antolatuko duen azkena izango dela. Hauxe adierazi du Antxintxiketan Kirol Elkarteko Asier Osinagak: "Guretzat, pena handiz, baina hurrengo urtera begira Arrasate-Oñati uztea izan da onena. Jarraituko dugu San Silbestrea eta Oñatiko Korpus lasterketa antolatzen, eta espero dugu Arrasate-Oñati beste talderen batek hartzea".

Izan ere, Osinagak gaineratu du zailtasunak izaten dituztela lasterketa antolatzeko: "Zailtasunak izaten ditugu lasterketa antolatzeko, ez daukagu hori zertan ezkutatu. Jende asko behar delako, hainbat bidegurutze daudelako, eta bertan parte hartzen dutenen  edota bidegorriko erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko ezinbestekoak izaten diren neurriak hartu behar direlako".

Udalak badauka elkartearen asmoen berri eta Oñatiko eta Arrasateko hainbat talderekin hartu-emanetan egon diren arren, momentuz ez dute erreleboa hartzeko baiezkorik jaso.

Zapaturako prest

Lasterketa zapatuan 17:00etan abiatuko da Garibai Etorbidetik. Lehenengo patinatzaileak irtengo dira, eta hortik bost minutura izango da korrikalarien txanda. 12 kilometro eta erdiko ibilbidearen ostean, Oñatiko Foruen Plazan bukatuko da.

Minutu bateko isilunea egingo dute gainera, aurten zendu direlako urte askoan lasterketan antolatzaileen ondoan egon diren Jose Ramon Petreñas epaile arrasatearra eta Jon Murguzur korrikalari oñatiarra.

Egubakoitzera bitartean eman ahal izango da izena  Herrikrosa.eus-en eta Loramendi Kirolak dendan, eta momentuz, nahiko "motel" doan arren izen-ematea Osinagaren esanetan, lasterketan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak