Urriaren 28an kontzertu berezia izango da Udal Pilotalekuan (20:30). Bergarako hainbat herritarren ekimenez, SOS Arrazakeriaren, Bergarako Orkestra Sinfonikorena, Udalaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzaz gertatzen dabiltza emanaldia.
Errefuxiatuen egoera salatzea eta ezagutaraztea xede duen elkartasun kontzertua da, eta izenburua Pasabide seguru baten eskubidea, giza eskubidea da. "Gaur egun errefuxiatuentzat ez dago Europarako pasabide segururik, eta horren ondorioz milaka izan dira hildakoak", azaldu du SOS Arrazakeriako Nora Ugarteburuk.
Batutako dirua El Sistema Greece GKEari bidaliko diote. Greziako ume errefuxiatuen integrazioan lan egiten dute, hezkuntza musikalaren bitartez. "350 ume ingururekin lan egiten dute Greziako sei lekutan. Greziar umeekin eta errefuxiatuekin abesbatzak, klaseak... sortzen dituzte", dio Ugarteburuk. Hala, lotura estuak sortzen dituzte umeon artean.
Antolatzaileek diote kontzertua "benetan hunkigarria" izango dela, kontzientziak piztea baitute helburu, eta herritarrak animatu dituzte joatera. Kontzertuaren bitartez gerrarengandik ihesi doan familia baten istorioa kontatuko dute.
Bushnaq, gonbidatu berezia
Kontzertuan gonbidatu berezi bat ere izango da, Suad Bushnaq kontzertu eta film konpositore arabiar-kanadarra. Jordanian jaioa, munduko konpositore arabiarrik ezagunenetarikoa da.
Istorio kuriosoa dago Busnaqen etorreraren atzean. Alfredo Gonzalez Chirlaque Orkestrako zuzendaria errepertorioa prestatzen ari zela Bushnaqen Gadhan (Tomorrow) obrarekin topo egin zuen, eta berau erabiltzeko baimena eskatzean, Bushnaqek bere burua eskaini zuen emanaldian parte hartzeko. Hortaz, Bergaran izango da hilaren 28an, eta azken entseguak orkestrakoekin egingo ditu.