Ohorezko Erregional mailako ordezkari guztiek etxean jokatuko dute asteburuan, eta joan den asteko jardunaldi apala zuzentzen ahaleginduko dira denak. Mondrak (6 puntu), esaterako, domekan (16:30, Goiena Telebista) jokatuko du Mutrikuren (4 puntu) kontra, ordurako jokalariek Maritxutako ajea gaindituta izango duten esperantzarekin. Sarritan, biharamunarekin egiten dira partidu onenak. Bada, joan den astean Zarautzen zelaian galdu eta gero, Mutrikuren kontura batu gura dute ligako hirugarren garaipena.
San Migel jaietako ajearekin edo barik, baina Aretxabaleta (10 puntu) puntu batekin itzuli zen joan den astean Zumarragatik, eta Bergarak (10 puntu) ere ez zuen garaipenik lortu. Kategorian aurrealdean dabiltzanetako inork irabazi ez zuenez, aurrealdean jarraitzen dute bi horiek, hamar puntu batuta.
Hala, liga makal hasi duen Beti Gazteren bisita izango dute aretxabaletarrek domekan Ibarran (16:30), eta Bergarak lau puntu batu dituen Mutrikuren kontra jokatuko du zapatuan Agorrosinen (16:30).
Leintz Arizmendiren erreakzioa
Leintz Arizmendiko neskek formalago ibili beharko dute gaur, ezinbestean, gainera, Oiartzunen kontrako norgehiagoka bihar 15:30ean jokatuko dute-eta, Oiartzunen bertan. Bi taldeek launa puntu dituzte, eta norgehiagoka lehiatua izango dela aurreikusi daiteke, joan den astekoa modukoa.
Izan ere, joan den astean Barakaldoren kontra batutako puntuak balio handia du, Tituren eta Ezkurraren neskek atzetik aurrerako bidea egin eta Barakaldok egindako 0-1ekoari erantzuteko kapaz izan ziren eta (1-1).
Erregional Preferentean derbia
Erregional Preferentean Bergarak eta Aloña Mendik seina puntu batu dituzte orain arte, eta sailkapenean aurrealdean dabiltza. Koska bat beherago daude zapatuan derbia jokatuko duten Antzuola eta Mondra (16:30, Estala). Hain zuzen, Antzuola da jardunaldi honetan etxean jokatuko duten ordezkari bakarra.