Gaurko ikasturtearen hasiera ofizialean, Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibia, edota Arrasate eta Bergarako alkateak izan dira hizlari, eta Arrasateko Kulturate jendez lepo bete da.
Goienagusi Debagoieneko pertsonei irekita dagoen elkartea da eta 2011n sortu zuten helburu hauekin: hainbat arlotako ezagutza handiagotzeko, gaitasun intelektualak trebatzeko edota aisialdiaz gozatzeko.
Aurreko ikasturtean bezala, oraingoan ere klaseak astelehenetan eta eguaztenetan izango dituzte goizeko 10:00etatik 12:15etara. Eta ohi bezala, hizlari adituek hartuko dute parte. Saio horietan, historiaz, arteaz, zuzenbideaz, musikaz edota ekonomiaz jardungo dira, besteak beste. Eta ikasturte guztian zehar 52 inguru izango dituzte.
138 lagun
Elkartekoak pozik daude, aurten bazkide gehiago lortu dituztelako; 95 izatetik 138 izatera pasa dira. Horietatik 80 Arrasatekoak dira, 31 Bergarakoak, hamabi Eskoriatzakoak, bederatzi Aretxabaletakoak, oñatiar bat, Aramaioko hiru eta Antzuolako bik eman dute izena. Eta saioak hasiera batean Arrasaten eta Bergaran egingo diren arren, asmoa dute bailarako beste herri batzuetara ere zabaltzea.
Hainbat ekitaldi musikaletara joango dira eta bestelako irteera kultural batzuk ere egingo dituzte.