Lan-aukerak areagotzea
Urritasunaren ondorioz, lan munduan murgiltzeko zailtasunak dituztenei laguntzea da Lantegi Batuak Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak sustatutako bekaren helburua. Bekari esker pertsona hauen enplegagarritasuna hobetzea nahi da; Lantegi Batuakeko zentroren batean 6 hilabeteko praktikaldia egiteko aukera emanez. 2018ko otsailaren 1etik uztailaren 30era izango da praktikaldia. Beka jasotzen dutenek lanaldi osoz jardungo dute eta lan ordaindua izango da.
Praktikaldiak hainbat zerbitzu-motarekin (inklusioa, pertsonak, berrikuntza, dibertsifikazioa, kudeaketa edo marketina), edo jarduera-sektorerekin lotutakoak izan daitezke (industria, automozioa, elektronika, logistika, ekipamendu elektrikoa, zerbitzuak, dokumentuen kudeaketa, turismoa, ostalaritza, eta abar). Gainera, leku desberdinetan egingo dira; 22 zentroetakoren batean edo Bizkaiko zerbitzu-sare zabalean.
Beka eskaerak
Eskaerak jasotzeko epea urriaren 2tik azaroaren 17ra bitartekoa izango da, eta Mondragon Unibertsitateko Errektoretzan entregatu beharko dira.