Badira hasiera oneko denboraldiak, eta ondoren dator Aloña Mendik bi jardunaldi hauetan egin duena. Iaz, golak egiteko zailtasun handiak izan zituzten txantxikuek, baina, kategoriaz jaitsi diren urtean, taldea sendotu egin dute –Axi Ugarteren itzulera ordainezina da– eta kontrarioaren atera erraztasunez iritsi dira bi jardunaldi hauetan –hamar gol egin dituzte–.
Antzuolaren kontra zapatuan jokatutako norgehiagokaren ostean, baina, bosgarren (1-5) goleko egile Mikel Palaciosek garbi egin zuen berba: "Hau luzea da, eta maila honi eustea izango da benetako erronka. Ondo hasi gara eta honi jarraipena eman behar diogu orain".
Oñatikoari ez zaio arrazoirik falta, kategoria horretan ibili diren Mondrak edo Bergarak ondo dakite ez dela erraza gora egitea, urtero egoten direlako bizpahiru talde indartsu eta gainontzekoak ere ez direlako hankamotzak. Baina hasiera bikaina izan da, eta, hasiera on horretan San Migel jaiek komeni dena baino eragin txikiagoa izan dezaten, partidua zapatura aurreratzea erabaki dute. Hala, bihar 16:30ean Soraluzeren bisita izango dute Azkoagainen.
Leintz Arizmendik ere etxean
Emakumezkoen Euskal Ligan, Leintz Arizmendik etxean jokatuko du domeka arratsaldean –16:30, Mojategi–. Ligako estreinaldian garaipena eskuratu bazuten ere, hurrengo bi partiduetan esku hutsik geratu dira, eta bigarren garaipenaren bila zelairatuko dira domekan. Kontrarioa, Barakaldo, bosgarren dago, bi partidu irabazita.
Bergarak bikain jarraitzen du
Ohorezko Erregional Mailan Bergara da kategoriako ezuste positiboena, dagoeneko hiru garaipen batu dituzte-eta Mikel Juaristiren mutilek: "Azken bi urteak oso onak izan dira guretako, aurten mailaz igo gara, eta, kategoria berriaren aurrean, nahiz eta denboraldi-aurrean zalantza batzuk izan genituen oso ondo hasi dugu liga. Egia esateko, badakit zer-nolako taldea daukadan, baina gu ere apur bat harrituta gaude halako hasiera onaren aurrean".
Aretxabaletak eta Mondrak ere kanpoan jokatuko dute asteburuan. UDAkoak ere ezin hobeto hasi dira, mahoneroen moduan dagoeneko bederatzi puntu dituzte eta azken sailkatu Urolaren zelaian jokatuko dute bihar. Eta Mondrak ere azkar batean uxatu du lehen jardunaldiko porrotak utzitako zapore txarra. Zuri-moreek Zarautz talde gogorraren etxera egingo dute bisita, bihar.