Juan Inazio Larrea: "Umezurtz geratu gara Arantzazun"

Goiatz Arana Begiristain 2017ko ira. 25a, 10:16
Iñaki Beristain.

Iñaki Beristain (Errezil, 1947) frantziskotarra hil da gaur, astelehena, etxean, Arantzazun, anaiez inguratuta. Gaixotasun batek eraman du, 70 urte zituela. Bihar, martitzena, 17:00etan, izango dira haren aldeko hileta elizkizunak, Arantzazuko santutegian.

Pisu handiko gizona izan da Arantzazun: "Berak eramaten zuen liturgia osoa elizkizunetan eta otoitzaldi berezietan, elizako diapositibak eta kantuak egiten zituen, eta aldizkariaz ere arduratzen zen. Poeta sena zuen eta hizlari oso ona zen. Handia zen Iñaki", adierazi du Arantzazuko guardiano Juan Inazio Larreak. Bere esanetan, Iñaki Beristainen heriotzak umezurtz utzi ditu frantziskotar fraideak eta Arantzazu ez da berdina izango aurrerantzean.

Hark egindako lanari buruz galdetuta, 2001 urtean, Arantzazuren 500. urteurrenaren harira egindako lana ekarri du gogora: "Arantzazu zer den ipini genuen mahai gainean, eta lau arlo azpimarratu genituen: santutegia, natura, artea eta euskara. Langintza horretan buru-belarri sartuta ibili zen Beristain". "Ikaragarrizko pena eta hutsunea utzi dizkigu", gaineratu du.

49 urte Arantzazun

21 urterekin heldu zen Iñaki Beristain Arantzazura. Azken ikasketak egitera joan zen, Teologia ikastera, eta 24rekin ordenatu zen. Handik Madrilera joatea zen bere asmoa, baina korua eramaten zuena bazihoala-eta, fabore moduan ardura hori hartzeko eskatu zioten, eta bertan geratu zen. Hura izan da bere etxea orduz geroztik.

Minbizia

Bi-hiru hilabete eskas egin ditu ondoezik Beristainek. Juan Inazio Larreak kontatu digunez, tumore bat zuen kolonean, baina berak ez zuen inongo sintomarik nabaritzen. Uztailean nekea sentitzen hasi zen eta, hortik aurrera, bere egoerak okerrera egin zuen denbora gutxian. "Inoiz gaixorik egon gabea, oso pertsona gogorra zen, eta inork ez zuen halakorik espero", gaineratu du.

Erreferente

Bera izan da Arantzazuko erreferente nagusia azken urteetan, Pello Zabalarekin batera, eta arretaz hartu izan du Goiena ere beti. Duela hilabete eskas, pasa den hilaren 28an egin zuen azken sarrera bere blogean.

Gaur egun, 29 fraide bizi dira santutegian; 60 urte ditu gazteenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak