"Kataluniako herriak erakutsi du hau ez dela alderdien kontua eta botoa eman gura duela"

Jone Guenetxea 2017ko ira. 22a, 12:56

El Vallenc tokiko aldizkariko zuzendari Francesc Fàbregas.

Francesc Fàbregas El Vallenc tokiko aldizkariko zuzendariari elkartasun mezua helarazio dio Tokikomek Valls herrian duten egoitza bisitatuz. Irailaren 9an Guardia Zibila astekariaren egoitzara sartu zen, eta dokumentazioa eta Fàbregasen ordenagailua eraman zituzten. Ordutik, giroa zeharo nahasi da Katalunian. Besteak beste, eguaztenean Generalitateko kargudunak atxilotu zituzten eta 40 miaketa egin zituzten.

Espero zenuten erreferendumerako 8 egun falta direnean testuinguru hau bizitzea?
Ez genuen horrelakorik espero. Gobernu zentralak marra gorri guztiak pasatu ditu. Kataluniako autogobernua suspenditu du. Jarrera neurrigabe honegaz independentista gehiago sortzen ari dira. Katalunian hau guztia hasi zenean bozketa egin bazuten, ezetza irtengo zen, tarte handiagaz, gainera. Convergenciako hautesleria Espainian gustura sentitzen zen. Lortu dutena da independentistak %25 izatetik %50 baino gehiago izatera pasatzea.

Milaka herritar kalera irteten ari dira. Zein giro sumatzen duzu kalean?
Kataluniako herriak erakutsi du hau ez dela alderdien kontua. Botoa eman gura dugula adierazteko irteten ari gara kalera. Ekitaldi baketsuak eta jai-girokoak izan arren, tentsioa nabari da. Jende nagusiari iraganeko sasoiak datozkio burura hemen gertatzen ari denagaz. Paperak galdu dituzte. Europa aldeko zuten, eta egunero ikusten ari gara babesa galtzen ari direla. Wikileaksekoa erreferendumaren alde jarzea eta twitterren Vallencen alde agertzea esanguratsua da. Munduan eraginik handiena duen pertsonetako batek 25.000 biztanleko herri bateko astekari bati elkartasuna adierazteak esan gura du gobernuak gero eta jende gehiago duela aurka.

Erreferendumak badu atzera bueltarik? Gizartean zein sostengu duela uste duzu? 
Hauteskunde hauek herriarenak dira. Herriak bultzatu ditu. Gobernuak deialdia egin du, baina herriak sustatu du. Herriak gobernua erreferenduma egitera behartu du. Azaroaren 9an botoa eman genuen eta gutxietsi egin zuten. Hala ere, ilarak sortu ziren botoa emateko eta jendearen ilusioa ikusi zen. Orduan esan zuten gero eta independentista gutxiago daudela. Bada, bozketa batean ikus dezagun.  

Puigdemontegaz zer gertatuko da? 
Harro egon beharko genuke bere hitza bete duen presidente bat izateagaz, jokoan duen guztiagaz. Ez gaude ohituta horrelako politikariak ikustera. Eta berdin, hainbat herritako alkateekin. Puigdemonti herriak zilegitasuna eman dio. Zuk uste duzu hau inork gelditu dezakeela?

Zein da une honetan zure egoera judiziala irailaren 9an EL Vallenc aldizkariko erredakzioa erregistratu eta gero?
Epailearen aurrera deklaratzera joateko zain nago. Pentsatzen genuen erregistroa egin zuten egunean bertan izango zela, baina, momentuz, ez dugu ezer jaso. Dokumentazioa eta nire ordenagailua eraman zituzten, eta begira ibiliko dira. Ez dakigu oraindik zeren bila zebiltzan. Beraz, zain gaude.  

Vallencen gertatutakoagaz zein irakurketa egiten duzu?
Oso argi daukat. Eszena mediatiko bat egitea zen helburua, beldurraren politika egiteko. Hedabide batera sartzen dira zapatu goiz batez. Asteburuetako zerbitzu minimoak daude, eta inork ez du erresistentziarik jarriko. Nola da posible Madriletik polizia indarrak bidaltzea?  Hemen, atea jotzea nahikoa da barrura sartzeko. Hedabide guztietan gobernu zentrala gogorra dela agertzea interesatzen zaie, eta legea aplikatzen duela. Urriaren 1ean galdeketa egin ez dadin, bitarteko guztiak jartzen ari direla irudikatu gura dute. Zarata handia atera gura dute. Vallencen jendeak jai-giroko ekitaldi moduan hartu zuen. Momentu horretan nire herriagaz harro sentitu nintzen. Prozesu honetan beti diogu jende bakezalea garela eta botoa ematea dela gura duguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak