Bergara eta Aretxabaleta, bigarren jardunaldirako lider

Xabier Urtzelai 2017ko ira. 22a, 08:21

Iaz Bergarak Urolaren kontrako partiduko une bat.

Joan den asteburua emankorra izan Ohorezko Erregionalean dabiltzan Debagoieneko ordezkariendako, etxetik kanpora hiruna puntu batuta itzuli zirelako Mondra, Bergara eta Aretxabaleta. Asteburuan etxean jokatuko dute hirurek.

Akaso, Mondra zen halako garaipen baten behar handiena zuena, ligako lehenengo jardunaldian, etxean, galdu eta gero Jorge Davilaren mutilek 0-3 hartu zutelako mendean Urola. Garaipen horrek konfiantza emango die, seguru, zapatuan Beti Gazteren partidura begira (16:30, Mojategi). Bergarak, berriz, ezin hobeto hasi du liga, mailaz igo berria den taldea izanda lehenengo bi partiduetan zazpi gol egin dituelako, eta bakarra ere ez duelako jaso. 

Horri esker kategoriako lehenengo posturaino egin du salto Mikel Juaristiren taldeak; bihar, berriz, ligako talde indartsuetako baten bisita izango dute Agorrosinen (16:30), Zarautz, hain zuzen. Jakin, partiduaren ostean BKEko futbol sailekoek talde guztien aurkezpena egingo dutela berdegunean bertan.

Aretxabaleta ere ondo 

UDAk ere oso ondo hasi du liga, baina hori aurreikuspenen barruan zegoen, azken urteotan moduan talde sendoa dutelako aretxabaletarrek. Jokatutako bi partiduak irabazita, Iñigo Velez de Mendizabalen mutilek Bergararekin eta Oiartzunekin batera partekatzen dute sailkapeneko lidergoa. Domekan (16:30), liga txukun hasi duen Añorgaren –lau puntu– bisita izango dute Ibarran

Leintz Arizmendik, Erandion 

Joan den astean etxean 1-2 galdu ostean, taldeko ordezkari Lore Etxeandiak GOIENAri aitortu zion porrot horretatik ikasi egin behar zutela: "Talde berria gara eta oraindik jokalari denok ez dugu elkar ondo ezagutzen. Baina, ligako lehen partidua irabazi ostean akaso konfiantza larregirekin genbiltzan, eta porrot hau baliatu behar dugu hankak lurrean izateko, eta konturatzeko aurretik lan handia dugula egiteko". 

Aste barruan ondorioak atera eta gero, asteburuan ahaleginduko dira akatsak zuzentzen, zapatuan dute norgehiagoka (17:00), jokatutako bi partiduak irabazi dituen Erandioko Betiko Neskak taldearen kontra.

Aloña Mendi ere lider dago 

Erregional preferentean jardunaldi bakarra jokatu dute, baina Oñatiko taldeak lehenengo abisua emateko baliatu du partidu hori, Idiazabali 5-1 irabazita. Ez dira lehenengo partidu hori irabazi duten bakarrak, Antzuolak (1-2), Mondrak (2-1) eta Bergarak (2-1) ere garaipen batekin hasi dutelako liga.  

Asteburuan, berriz, kategoria horretako lehenengo derbia izan go da, Antzuolak Aloña Mendi hartuko duelako Estalan (zapatua, 16:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak