Taldearen egoera ekonomikoa zein den azaltzeko eskatu diote Fagor CNAko langileek zuzendaritzari

Eneko Azkarate 2017ko ira. 20a, 18:24

Edesa Industrialeko Garagartzako langileak, uztailean egindako elkarretaratzean.

Gaur batzartu dira beste behin Fagor CNAko langileen ordezkariak eta zuzendaritza. Langileek eskatu dute zuzendaritzarekin egiten diharduten negoziazio prozesuko "epea etetea”, zuzendaritzak ezin duelako argitu zein den aurkeztuko duen bideragarritasun proiektua. Bestalde, CNA Taldearen egoera ekonomikoaz galdetu dute langileek.

Jarduera eten eta langile guztiak kanporatu osteko bigarren negoziazio batzarrean, Fagor CNAko langileek berretsi egin dute jarrera: Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkezteko argudioak ez dituzte onartzen eta "ekoizpenaren aldeko apustuari" eusten diote, "jarduera industriala Garagartzan mantentzea" eskatuz. Langileek adierazi dutenez, zuzendaritzak ere eutsi egin die berenei: langile guztiak kaleratzeko asmoekin aurrera jarraitzen dute.

Langileek eskatu dute "negoziaketa epea etetea". Izan ere, diote, zuzendaritzak "ez du argitu" zein izango den aurkeztuko duten proiektua, negoziaketa prozesuak zer emango duen jakin arte itxoin nahi duelako.

Egoera ekonomikoa

Langileek aditzera eman dute, bestalde, batzarrean eskatu dutela argitzeko zein den CNA Taldeko enpresen egoera ekonomikoa, "taldearen benetako egoera ekonomikoa" zein den jakin nahi dutelako.

Era berean, adierazi dute, batzarrean eskatu dutela Fagor Kooperatiba Elkarteak eta Fagor CNAk sinatutako kontratuaren kopia Fagor marka erabiltzeko.

Datorren astelehenean, irailaren  25ean, negoziatzen jarraitzeko beste batzar bat egingo dute. Bitartean, langileek adierazi dute mobilizazioekin jarraituko dutela eta iragarri dute oraingo egubakoitzean elkarretaratzea egingo dutela Arrasateko plazan, 18:30ean.

Bestalde, Edesa Industrialeko Garagartzako lantegiaren aurrealdean egurrezko gurutzeak agertu dira, Cata nos mata idatzita, beheko argazkian ikus daitekeen moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak