Irailaren 20an hasiko da Kimu Berri proiektu berritzaileen erakusketa Arrasaten eta Garaia Parke Teknologikoan ikusgai egongo da urriaren 9a arte. Hurrengo egunean, erakusketa Oñatiko Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultatera mugituko da eta bertan izango da urriaren 27a bitartean. Irailaren 20rako baita egileen eskutik sei proiektuen aurkezpena antolatu dute Arrasateko Garai Parke Teknologikoko areto nagusian.
Mondragon Unibertsitateak enpresa-ekimen berriak sustatzeko eta ikasleen artean ekintzailetza bultzatzeko estrategien barruan, Ekiten lehiaketaren eremuan, antolatutako ekimena da Kimu Berri. Edizio honetarako proposatutako gaia eguneroko bizitza errazten duten produktu eta zerbitzu berritzaileak garatzea izan da eta ikasleek gai honekin erlazionatutako proiektuak sortu dituzte, bakoitzak bere ikasketa arloan.