"Oroimen Eguna gainbeheran dago, argi eta garbi, gainera. Eta egoera horri buelta eman gura diogu. Hori ez dugu berehalakoan egingo, denbora beharko dugu, eta akaso domekan igarriko da apur bat, baina ea datozen urteotan euskal mendizaleondako garrantzitsua den egun horri bultzada ematen diogun", adierazi du Besaideko presidente Aitor Zubiagak. "Euskal Mendi Federazioarendako ere hitzordu berezia da, halaxe aitortzen dute eurek ere, eta eurekin harremanetan gaude eguna antolatzerako orduan eurek ere esku har dezaten".
Oroimen Eguna iraileko hirugarren domekan ospatzen dute, eta Arrasateko Besaide mendi elkarteak, Aramaioko Orixol mendi elkarteak, eta Elorrioko Erdella mendi elkarteak txandaka antolatzen duten eguna da: "Jendeak ondo dakien moduan, halako elkarteetan jendea sekula ez da soberan egoten, eta lanak pilatu egiten zaizkigu. Hala, gure artean harreman estuagoa izateko lan egin behar dugu, hori ezinbestekoa izango delako Oroimen Egunari merezi duen bultzada emateko.
10:30ean hasiko dute ekitaldia
Domekarako prest daukaten ekitalditxoa 10:30ean hasiko dute: "Txalapartariak, dantzariak eta bertsolariak izango ditugu, eta lore eskaintza egingo zaie mendizaleei. Ondoren, Euskal Federazioko presidenteak berbalditxoa egingo du. Eta, txoznan jatekoak eta edatekoak egongo dira".
Aitor Zubiaga, Besaideko presidentea: "Besaide ezin da izan motoendako jolas-gune"
"Besaideko Oroimen Eguna Aramaioko, Elorrioko eta Arrasateko mendi elkarteok antolatzen dugu, txandaka. Eta, egia da gure artean bizkarra emanda antolatzen dugula egun hori. Hori ikusita, eta jakinda inguruok ze garrantzitsuak diren euskal mendizaleondako, federazioari eskatu diogu laguntzeko. Bestalde, Besaiden txukuntze lan batzuk hasi ditugu, baina gehiago egin behar da. Leku babestua izan beharko luke, eta ez motoendako edo 4x4 ibilgailuendako jolas-gunea".