Leintz Arizmendi emakumezkoen futbol taldeak etxeko zaleen aurrean egingo du debuta, domekan Mojategin (16:30). Eta kategoria berrira salto txukuna eman ostean jokatuko dute ligako bigarren jardunaldia, izan ere, joan den astean Añorgaren zelaian Titu-ren eta Ezkurraren neskek 1-2 irabazi zuten. Hala, maila berriari modu ezinhobean ekin diote; domekako kontrario Deriok, berriz, puntu bat batu zuen joan den astean, Lakuaren aurrean 1-1 egin eta gero.
Mondra, UDA, Bergara, kanpoan
Ohorezko erregional mailan, berriz, etxeko hiru ordezkariek etxetik kanpora jokatuko dute. Joan den astean Urolari 4-0 irabazi eta gero Bergarak sailkapeneko lehenengo postuan hasi du liga, eta domekan (17:00) Lesakan jokatuko dute, Beti Gazteren kontra. UDAk ere domekan izango du hitzordua (11:00, Donostia), Vasconiaren zelaian. Eta, azkenik, Mondrak Urolaren zelaira egingo du bisita zapatuan (16:15).
Erregional preferentea, abian
Asteburuan hasiko dute maila bat beheragokoek liga. Hamasei taldeko multzo horretatik bost Debagoieneko taldeak dira, horrenbestez, pentsa zenbat derbi izango dituzten aurten.
Aloña Mendik Idiazabalen bisita izango du (domeka, 16:30), Aretxabaletak Elgoibarrena (domeka, 16:30), Mondrak Lagun Onakena (zapatua, 16:00), Bergarak Eibarrena (zapatua, 17:00) eta Antzuola da kanpoan jokatuko duena, zapatuan (15:30) Tolosan.