54 pilotu lehiatuko dira Aramaioko kurbetan

Xabier Urtzelai 2017ko ira. 15a, 08:00

Frutostarren Clioa, iazko edizioan; txapelketa podiumean amaitzeko aukera izango dute bihar Aramaion. goiena

Bihar, zapatua, egingo dute, 15:00etan hasita, Aramaioko rallysprintaren 16. edizioa. Enrique Barrenetxea-Arandok eta haren kopilotu Anartz Onandiak eskuan dute txapela, baina oraindik asko dago jokoan.

Rallysprinten egutegiko azken proba jokatuko dute bihar Aramaion (15:00), eta sailkapen orokorrera begira Durangalde Racingeko Enrique Barrenetxea-Arandok eta haren kopilotu Anartz Onandiak txapela eskuan badute ere, saltsa polita izango da lasterketan. Sailkapenean bigarren dauden Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola antzuolarra ez dira lasterketan egongo, baina egonda ere, 30 puntuko aldea dute lehenengoek: "Eta gainera, zapaturako euria eman dute, eta egoera horretan oso gaitza da Aingeruren BMW M3arekin Barrenetxearen EVO 9a gainditzea", dio lasterketa antolatzeko lanetan ibiltzearekin batera bihar R5 GT Turbo barruan pilotatuko duen Inhar Amenabar aramaioarrak: "Oraingo lasterketarako kopilotua fitxatu dut", dio barrez, Hodei Ariztegi izango du-eta ondoan. Eguraldi iragarpenarekin asmatzen badute, buruaz gidatu beharreko lasterketa izango dela azpimarratu du aramaioarrak.

Frutostarrek gertu dute podiuma 

Aurreratu moduan, dagoeneko jakinekoa da nork irabaziko duen aurtengo Rallysprint txapelketa, baina podiuma ez dago erabakita. Eta, hor lehia polita egongo da, egun hirugarren dagoen Joseba Frutos eskoriatzarraren, eta laugarren dagoen Gurutz Agirretxeren artean 9 puntuko aldea baino ez dagoelako. Joseba Frutosek anaia Aitor izango du ondoan, eta Clio Sportarekin Agirretxeren M3a gainditzea izango dute helburu. Horiek ez dira lehia bakarrak izango. Guztira ibarreko 7 pilotu izango dira irteera puntuan, euren kopilotuek lagunduta.

Debagoiendarrak lasterketan:

4 Joseba Frutos eta Aitor Frutos. Renault Clio Sport

10 Xabier Elgarreta eta Nerea Campos. BMW M3 E36

16 Iñigo ErrastiXabier Eguren. Renault Clio Sport

20 Gorka Idigoras eta Monika Muñoz. Renault Clio Sport

28 Inhar Amenabar eta Hodei Ariztegi. Renault GT 5 Turbo

51 Mikel Beretxinaga eta Omer Garcia. BMW E36

54 Alex Calzon eta Julen Uribe-E. Citroen Saxo

Aldaketak herrian, Rallysprinta dela eta

Bihar, zapatua, Aramaioko XVI. Rallysprint lasterketa egingo da eta horrek hainbat aldaketa eragingo ditu herrian. Batetik, Aita Gabirel Jauregi, Pedro Ignazio Barrutia eta Nardeaga –kiroldegitik okindegira– kaleak zirkulazioari moztuta egongo dira lasterketak irauten duen bitartean.

Bestalde, aipatutako kaleetako eta frontoiko aparkalekuek libre egon beharko dute 08:30erako, Rallysprintaren antolaketa lanetarako. Horrekin lotuta, Udalak hau jakinarazi die herritarrei: "Edozein larrialdirengatik itxitako kaleak erabili beharko bazenituzte, antolakuntzarekin zuzenean harremanetan jarri". Eta haiek bideratuko dutela zirkulazioa.

Horrez gain, lasterketa pasatzen den auzo guztietan ere kontuan hartu behar diren oharrak banatu dituzte antolatzaileek –Uribarri, Arexola, Arriola, Etxaguen, Gantzaga eta Arraga–. Bidea 14:00etan itxiko dute eta ez da irekiko proba bukatu arte. Eta norbaitek behar bereziren bat izanez gero, antolatzaileekin jarri beharko du harremanetan, ondorengo telefonoaren bitartez: 696 95 25 98 (Julen).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak