Asteburuan jokatu dituzte gazte mailako Munduko Eskalada Txapelketako finalak, Innsbrucken. Eta bertan, youth kategorian –18 urtetik beherakoen maila– Mikel Linazisorok brontzea jantzi du, eta horrekin batera, datorren urtean Argentinan egingo dituzten Gazteen Joko Olinpikoetan parte hartzeko txartela poltsikoratu du.
121 eskalatzailerekin lehian
Txapelketan 121 eskalatzaile izan dira, eta lehenengo fasean Sam Avezou frantziarra, Filip Schenk italiarra eta Shuta Tanaka japoniarra gainontzekoak baino maila hobean ibili dira. Mikel Linazisorok bederatzigarren postua lortu du bere multzoan, eta hurrengo fasera sailkatu da. Final-erdietan Filip Schenk-ek (Europako Kopako hiru probetatik bi irabazi ditu aurten) lehenengo postura egin du salto, eta atzetik sailkatu da Nathan Martin. Hirugarren eta laugarren, berriz, Shuta Tanaka eta Austriako Louis Gundolf sailkatu dira, hurrenez hurren. Hurrengo lau sailkatuak, tartean bergararra, ez dira aurrekoak iritsitako heldulekura iritsi, baina finalera sailkatu dira berdin-berdin.
Eta, fase erabakigarrian, Mikel Linazisorok lehenengo lau eskalatzaileen artean punturik gorena markatu du. Jarraian, Shuta Tanaka inor baino gorago iritsi da, eta zuzenean irabazi du urrea, eta jarraian, Nathan Martinek ere Linazisoro gainditzea lortu du. Txapelketako faboritoa falta zen, Filip Schenk, eta Mikelek kale egindako helduleku berean egin du horrek ere huts. Baina, bergararra hurrengo mugimendua egiteko kapaz izan da, eta italiarrak halakorik lortu ez duenez, Linazisororendako izan da brontzezko domina.
Mikel Linazisoro, eskuman, Shuta Tanaka eta Nathan Martinek batera, podiumean. Argazkia: Eddie Fowke / IFSC
Mikel Linazisororen saioa 55. minutuan hasten da.
Argentinaka, Gazteen Joko Olinpikoetara
Bestalde, Innsbrucken jokatutako Munduko Txapelketan 2018an Buenos Airesen egingo dituzten Gazteen Joko Olinpikoetarako txartelak egon dira jokoan, eta bergararrak, hirugarren postu horrekin, poltsikoan du txartela. Horretarako, modalitate konbinatuko 13 onenen artean sailkatu behar zen –zailtasuna, boulderra eta abiadura hartzen dituzte hor kontutan–. Eta, abiaduran 24. sailkatu ostean, eta boluderrean 28. Bergarakoak zortzigarren amaitu du sailkapen orokorrean.
Informazio gehiago, hemen.