CNA Group-ek lantalde osoari kontratuak eteteko atzo aurkeztutako espedientearen harira, eta prozesu horrek Arrasateko Garagartza plantaren itxiera eta bertako 167 langileen kaleratzea ere jasotzen duela kontuan hartuta helarazi du balorazioa Arrasateko Udal Gobernuak.
Bost puntutan, erabaki horrekiko "desadostasuna eta kezka" azaltzeaz gainera, enpresari eskatzen dio Garagartzako produkzioa etetea, plantaren itxiera eta langileen kaleratzea “ekiditeko aukera eta bide guztiak aztertu, jorratu eta agortzea”.
Lanpostuak, ardatz
Arrasateko Udal Gobernuaren ustez, "langileen kaleratzea ez da inondik inora aukera bezala onartu behar"; hori horrela, "lanpostuak mantentzea ardatz hartuta bideragarritasun plan berria lantzea" exijitu dio, "erdi eta epe luzera enpresaren produkzioa eta errentagarritasuna berreskuratzeko ildoak zehaztu ditzan".
Horrekin batera, "borondate eta konpromiso irmoa" erakutsi ditu bide horretan "Euskadiko instituzio ezberdinekin elkarlanean aritzeko".