'Xavier Alvarez de Eulate' 5. pintura lehiaketa, zapatuan Arantzazun

Xavier Alvarez de Eulate (Argazkia: Arantzazu.org)

Bosgarren aldiz antolatuko da aurten Arantzazun, Xavier Alvarez de Eulateren omenezko V. pintura lehiaketa. Irailaren 16an, zapatuan egingo da aire zabaleko pintura azkarreko lehiaketa. Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak sortutakoa da.

Xavier Alvarez de Eulateren (Donostia, 1919 - Bermeo, 2012) ibilbide artistikoa aintzat hartzea eta egindako lanari omenaldia egitea izango da V. pintura lehiaketaren xedea. Frantziskotarra, Arantzazuko Basilikako beirateen egile izateagatik da ezaguna.

Lehiaketaren nondik norakoak

Pintura-Lehiaketako bosgarren ekitaldian helduek, gazteek zein haurrek hartu ahalko dute parte, hiru kategoria bereiztuko baitira: helduena (16 urtetik gorakoak), gazteena (12 eta 16 urte bitartekoak) eta haurrena (11 urte artekoak). Lehiakideek Arantzazuko Santutegiko edozein zoko, paisaia edo monumentu margotu ahal izango dute, eta teknika librea baliatuz sortutako lan bakarra aurkeztu.
Zigilatzea eta izen-ematea Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan egingo dira 10.00etatik 12.00etara, eta artelanak 16.00etatik 17.00etara entregatu beharko dira leku berean eta sinadurarik gabe.

Epaimahaia Edorta Kortadi arte-kritikoak, Xabier Egaña eta Luis Lascurain pintoreek eta Leire Fernandez Arte Ederretan doktoreak osatuko dute. Haiek erabakiko dute nortzuk izango diren irabazleak: helduen kategoriako lehen saridunak 1.500€ eta diploma lortuko ditu, bigarrenak 750€ eta diploma, eta hirugarrenak 400€ eta diploma. Gazteen eta haurren kategorietako lehen eta bigarren irabazleek pintura-material sorta bana eskuratuko dute.

Lehiaketan parte hartuko duten lan guztiak ikusgai izango dira urriaren 7tik 29ra bitartean, Gandiaga Topagunea kultur zentroan. Erakusketa asteburuetan eta jai-egunetan egongo da zabalik 11.00etatik 14.00etara, eta sarrera doakoa izango da.

Izena aurretik eman nahi dutenek arantzazugaur@arantzazu.org posta elektronikora idatz dezakete edota 943 71 65 75 telefono zenbakira deitu.

Parte hartzeko gonbidapena

Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak datorren irailaren 16an "pintura maite duten guztiei" lehiaketan parte hartzeko gonbita zabaldu nahi diete, eta publiko orokorrari Arantzazura etortzekoa, Arantzazuz eta Alvarez de Eulate artista frantziskotarrari egindako omenaldi bereziaz eta ederraz gozatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.