Garagartzako planta bai ala bai

Ubane Madera 2017ko ira. 8a, 12:59
Garagartzako planta.

"Garagarzan ekoiztea denboran iraun dezakeen ekoizpena bertan egiteko aukera bakarra" dela jakinarazi diote FagorCNAko langileen ordezkariek Edesa Industrialeko zuzendaritzari goizeko batzarrean, "enpresaren ultimatumari" ezezkoa emateaz batera. Edesak astelehenean aurkeztuko du enplegua suntsitzeko EREa, langile guztiendakoa.

Fagor CNAko langileek "etorkizuneko proiektu baten alde borrokan jarraituko" dutela berretsi dute eta ildo beretik, mobilizazioak iragarri dituzte datozen egunotarako.

Garagartza partzialki erabili

Etorkizuneko proiektu horretan, langileek zuzendaritzari azpimarratu diote derrigorrezko ikusten dutela Gargartzako plantan ekoizten segitzea: "Garagartzan ekoiztea denboran iraun dezakeen ekoizpena bertan egiteko aukera bakarra dela jakinarazi dugu. Gainera jakinarazi diegu egin dugun kudeaketari esker jakin dugunez aukera dagoela egun erabiltzen den eraikina egokitzeko".

Hain zuzen ere, erreferentzia egiten dioten kudeaketa edo aukera hori da Garagartzako plantari erabilera partziala ematea; bestela esanda, haren zati bat bakarrik erabiltzea, eta jakina, zati horrengatik bakarrik ordaintzea alokairua.

Izan ere, gaur egun Edesak erabiltzen du plantaren %35a, gutxi gorabehera, baina %20an ere kabituko lirateke bertako langileok. Hori horrela, planteamendua da ea planta osoa barik, hura zatika erabili eta FagorCNAko langileek bakarrik %20 hori erabili.

Hori onartuz gero, planteamendua da Ekimen Berrik, Garagartzako plantaren jabe den elkarteak plantaren gainontzeko espaziora bestelako enpresa batzuk erakartzea.

Astelehenean, kontratuak eteteko prozedura

Zuzendaritzari dagokionez, langileei baieztatu die astelehenean hasiko duela langile guztiak kaleratzeko prozedura, hau da, enplegua suntsitzeko espedientea, iragarrita zuen moduan. Baina horrekin batera, iragarri die “negoziatzen jarraituko duela eta balizko enpresaren etorkizunaren proiektuaren  alde lanean jarraituko duela”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak