Doinu akustiko desberdinen fusioa protagonista asteburuan Kulturaten

Eneko Azurmendi 2017ko ira. 8a, 10:59
Maria Arnal eta Marcel Bages Kulturaten izango dira domekan. Argazkia: Arrasateko Udala.

Luis Vil musikariaren azken proiektuak, Mushkum taldeak, emango dio hasiera gaur, egubakoitza, Kulturate Akustikoak ekimenaren bederatzigarren edizioari; bihar eta etzi Tori Sparks estatubatuarra eta Maria Arnal eta Marcel Bages kataluniarrak ariko dira.

Gaur, egubakoitza, abiatuko da IX. Kulturate akustikoak –20:00etan–, eta Luis Vil musikari eta zinemagilearen proiektu berriak, Mushkum taldeak, inauguratuko du. "Nigan dagoen alderdi melodikoan esploratzeko beharrak, baina nire ahotsarekin –baritono gordina– egin ezin nuena egiteko sortua da", azaldu du Vilek. Musikari dagokionez, Vilen esanetan, "rock akustikoaren sustraietatik abiatuta dago, baina, aldi berean, estilo askotako mugetan mugituz, norberarena aurkitu guran". Bide batez, Vili egindako elkarrizketa dago irakurgai gaurko Puntua aldizkarian.

Bihar, Tori Sparks

La Huerta izeneko lanarekin dator Tori Sparks abeslari estatubatuarra, bere kolaboratzaileen babesarekin.
Orain artekoari eutsiz, fusioa du oinarri talde horrek. Hala, estilo eta kolore desberdinetako soinuak uztartzen dira oholtza gainean, eta horren eragile El Rubioren gitarra elektrikoa eta Pepe Camachoren gitarra flamenkoa dira. Baina, horren guztiaren gainetik, nola ez, Tori Sparksen ahots indartsua dago. Bihar, zapatua, izango da euren txanda, 20:00etan.

Etzi, bikote kataluniar bat

Maria Arnal abeslariak eta Marcel Bages gitarristak osatutako bikoteak orain gutxi kaleratu duen albuma, 45 cerebros y 1 corazón, aurkeztuko du etzi, domeka, Kulturaten, 20:00etan.
Lan berri horren bitartez, memoria da aldarrikatu gura dutena, zer den gogoratzen duguna eta zer ahaztarazi nahi diguten. Eurek sortutako abestiak eskaintzen dituzte, esangura handiko letrekin, eta zuzeneko hunkigarri baten bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak