160 langilek lanean jarraitzea, Eskoriatzako eta Basauriko plantetan, soldata %10 jaitsita eta Garagartzako planta itxita. Eskuzabaltasun txikia erakusten duen eta lan gatazka honetan inplikatuta dauden aldeak ezustean harrapatu zituen proposamen hori da goizean Edesako eta Gesyserreko langileek aztertu beharrekoa.
"Ez dakigu bozketarik egongo den", jakinarazi du Rikardo Perezek, Edesa Industrialeko langileen batzordeko presidenteak. Beraz, batzarretik proposamenaren gaineko edo bestelako erabakiren bat aterako den edo ez ere, ezin jakin, une honetan.
Baldintza: egubakoitzerako erabakia
Barikurako dute, edozein modutan, jarrita epe-muga langileek. Horixe izan da-eta, Edesa Industrialeko zuzendaritzak atzo aurkeztutako proposamenari ipinitako baldintzetako bat. Hori bete ezean, enplegua suntsitzeko espedientea abiarazi behar duela jakinarazi zuen zuzendaritak, lan-talde osoarendako; hau da, 327 langilerendako.
Eta edozein modutan, baldintza hori beteta ere, azken berba langileek izango dutela ere ezin esan; enpresako zuzendaritzak mahai-gaineratutako bigarren baldintza izan delako balizko inbertsoreak duela azken hitza, proposamen berria onartzen duen edo ez esateko.