Zerbitzu aurreratuei buruzko RESER 2017 kongresua, Bilbon

Mondragon Unibertsitateak eta Bilboko Udalak antolatutako topaketa irailaren 7tik 9ra bitartean izango da eta Europako ikerkuntzaren alorreko profesionalak eta enpresak elkartuko ditu enpresen eta hirien lehiakortasunean zerbitzuek nola eragiten duten aztertzeko.

RESER (European Association for Research on Services) Zerbitzu Aurreratuei buruzko Kongresuaren edizio berri bat antolatu dute Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak, MIK Ikerkuntza Zentroaren bidez, eta Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bidez, irailaren 7tik 9ra. Hogeita zazpigarren edizioa izango da aurtengoa eta Napoli hiriari lekukoa hartuta, Bilbon egingo dute aurtengoa. Europako zerbitzuen arloko ikertzaileen topagune eta ekintza-eremu garrantzitsua da sarea eta 100 bat profesional biltzea espero dute Euskalduna Jauregian zerbitzuek enpresa eta hirien lehiakortasuna sortzen betetzen duten eginkizuna aztertzeko.

Zazpi gai nagusiren inguruan antolatuko da RESER 2017 kongresua: hiria zerbitzu-sektorearen katalizatzaile, zerbitizazioa, zerbitzu-ekosistemak, zerbitzuen alorreko berrikuntza, nazioarteko aurreikuspenak, balio-sorrera eta erronka metodologikoak. Zerbitzuak batez ere hirietan garatzen direnez, hiriak aurrera egiten duten erritmo berera zerbitzuak garatzen joateko sistema bat garatzea nahi da gai hauen bitartez. Gainera, digitalizazioak duen eragin gero eta handiagoa ere izango dute hizpide, eta honek zerbitzuen balio-proposamen berriak osatzeko eskaintzen duen aukera 4.0 industriaren baitan.

Irailaren 7an emango zaio hasiera kongresuari, Patrik Strom RESEReko lehendakariak, Juan Mari Arbuto Bilboko alkateak eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak parte hartuko duten ekitaldiarekin. Honen ostean, Erresuma Batuko Aston Business Schooleko irakasle den Andreas Schroederek Manufakturaren zerbitizaziotik zerbitzu aurreratuetara, ikuspegi eraldatzaile bat gaia azalduko du eta ondoren, aldibereko saioak izango dira. Irailaren 8an berriz, Norman Roseren hitzaldia egongo da. European Centre for Facility Management zentroko idazkari nagusiak Europa aldakor honetan mugaz gaindiko zerbitzuak errazteko jardunbide egokien arauak egitea gaia aurkeztuko du eta honen ondoren, Nanno Mulder ekonomialariak zerbitzu globalen inguruan hitz egingo du. Azkenik, Irailaren 9an Elkartearen Batzar Nagusiak emango dio amaiera RESER kongresuari.

Kongresuari buruzko informazioa, programazio guztia eta izen emateko informazioa RESER 2017 kongresuaren webgunean dago eskuragarri.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.