Edesa Industrialeko negoziazioei berriro ekiteko batzarra, martitzenean

Ubane Madera 2017ko abu. 24a, 15:21

Edesa Industrialen Garagartzako planta.

Abuztuaren 29an, martitzena, 12:00etan dute hitzordua Edesa Industrialeko langileen eta zuzendaritzaren ordezkariek, etorkizunaren gaineko negoziazioekin segitzeko. Bien bitartean, eta Enplegua Erregulatzeko Espedientea indarrean dutela, Edesako langileek lan barik segitzen dute oraingoz. Uztaileko nomina, hori bai, kobratu dute, bi txandatan kobratu ere.

Abuztuko egunotako etenaldiaren ondoren, gaurko, eguena, zuten zehaztuta etorkizunaren gaineko negoziazioei berrekiteko batzarra Edesa Industrialeko lan gatazkan inplikatutako bi aldeek. Baina, datorren asteko martitzenera atzeratu diete hitzordua enpresako zuzendaritzak.

Uztailekoa, kobratuta

Gauzak horrela, gaur batzarra egin dutenak Edesa Industrialeko Enpresa Batzordeko kideak izan dira, "egoera zela dagoen ikusteko eta datorren astera begira gauzak zela prestatu-eta erabakitzeko", esplikatu du Rikardo Perezek, Enpresa Batzordeko presidenteak. Era berean, hark jakinarazi du zuzendaritzarekin batzarra egin baino lehen, langile guztiak bezperan batzartuko direla, astelehenean.

Sikiera, hori bai, uztaileko nomina kobratu dute, berandu eta bi zatitan bada ere. "Lehena abuztuaren 10a aldera ordaindu ziguten, eta beste erdia atzo (eguaztena)", dio Perezek.

EREan segitzen dute

Edozein modutan, egoerak bere horretan segitzen du langileendako: lan barik, Geyserreko 30 langile izan ezik. "Atzo bidali ziguten mezu elektronikoa jakinarazteko EREan segitzen dugula; eta lanera sartu behar badugu 48 ordu lehenago abisatuko digutela esan ziguten", kontatu du Perezek.

Geyserreko langileei dagokienez, berriz, eurak dira Garagartzako lantegian lanean diharduten bakarrak; 30 langile, produkziokoak eta bulegokoak. Hori bai, 15 egunerako lana besterik ez dute oraingoz. "Hortik aurrera, EREra, suposatzen dut", dio Jesus Lasak, Geyserreko Enpresa Batzordeko ordezkariak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak