45 adingaberentzat familia bila

Gipuzkoako Foru Aldundia harrera familien bila dabil euren etxean modu solidarioan erakundearen tutoretzako zentroetan bizi diren 45 haur eta nerabeentzat. Adingabeak profil desberdinetakoak dira eta horietako batzuk behar bereziak dituzte. Maite Peña diputatuak azaldu duenez, zentro horietan bizi diren haurrek “arreta egokia” jasotzen badute ere haien zaintzaz arduratzen diren profesionalen aldetik, “horrek ezin du inola ere familia baten maitasuna ordeztu”.

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak adierazi du harrera familien beharra “etengabea” dela, izan ere, nahiz eta gaur egun 356 adingabe harrera familietan bizi, oraindik “316 adingabe daude foru tutoretzapeko zentroetan bizitzen. Horietatik, 45 bideratuta daude eta zentrotik ateratzeko prest harrera familiak aurkitzen diren momentuan, baldin eta egokitzat jotzen badira”. Harrera familia moten ezaugarriei dagokionez, foru diputatuak adierazi du profilak anitzak direla.

Lehenengo, familia harrerara bideratuta dauden eta behar bereziak dituzten haur txikiak daude (4 urtetik beherakoak), horientzat bereziki sentiberak diren familiak behar dira, nolabait ere, “espezializatutako familiak”. “Haur horiek dituzten behar fisikoak eta emozionalak ulertu eta onartuko dituzten familiak behar ditugu, haien beharrak ase eta euren errealitatera moldatzeko gai diren familiak”, adierazi du Peñak.

Bigarren, haurtxoak ere badaude, eta Foru Aldundiak ez du familiarik aurkitzen horientzat. Haurtxo horietako batzuk erlijio eta kultura ezberdinetakoak dira eta horrek eskatzen du familiek onartzea egoera horrek eragingo lukeen errealitate bikoitz hori.

Hirugarren, anai-arreba bikoteak daude, Haurren eta Nerabeen Babeseko Zerbitzuaren iritziz familia berean egon behar dutenak. Foru diputatuak esan duenez, “bi senideen familia harrera onartuko luketen familiak behar ditugu, kontuan izanda anai-arreba horiek errealitate bera partekatu arren ezaugarri eta behar diferenteak dituztela”.

Laugarren, epe labur-ertainean jatorrizko familiarekin itzultzea aurreikusten delako bere familiarekin bisita erregimen zabala duten haurrak aldi baterako hartuko dituzten familiak behar dira.

Bosgarren, funtzionamendu autonomoa duten eta portaera arazorik ez duten sei urtetik gorako haurrak etxean hartuko lituzketen familiak daude. Familia hauei, hazkuntzan esperientzia eta ume horien familia biologikoa “naturaltasunez” bizitzea eskatuko zaie, “entzuteko eta ulertzeko” gaitasuna izatea, foru diputatuaren hitzetan. Neska-mutil horien adina “oztopo” bat izan daitekeela familia askorentzat gaineratu du, txikiagoak eta integratzen “errazak” diren haurrak nahi baitituzte.

Seigarren, foru erakundea guraso bakarreko familien bila dabil pertsona bakarra behar duten haurrak artatzeko. Mota horretako familiek aukera ematen dute familia sistema horretan integratutako haurrek “erreferente bakarra” izateko, foru diputatuaren hitzetan. Horrek, epe luzera, “lasaitasuna” emango die haur horiei.

Azkenik, portaera arazorik ez duten nerabeak etxean hartuko lituzketen familiak behar dira. “Profil horretarako familia malguak behar dira, nerabeen familia egoera konplexua eta bizi-zikloaren etapa ulertzeko gai direnak, eta harrera familiarekiko loturak pixkanaka ezartzen utziko diena, intimitate emozionaleko testuinguruetan erlazionatzeko zailtasunak izaten baitituzte”, adierazi du diputatuak.

Bukatzeko, Maite Peñak gogorarazi du badirela haurtzaro normala bizitzen ari ez diren haurrak eta nerabeak. “Uste baino gehiago dira egoera horretan dauden haurrak, eta behar luketena baino gehiago sufritu dute: aldaketa drastikoak, bakardadea, beldurra, eta ziurgabetasun handia. Hainbat arrazoirengatik beren familietan bizi ezin duten haurrak eta nerabeak dira. Eta guztiok dakigu haurtzaroa babestu beharreko altxor bat dela”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.