Elkarrekin egingo dute lan MUk eta Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak

Mondragon Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak (EJIE) hitzarmena sinatu dute gaur, uztailak 24, informazioaren eta komunikazioaren teknologia-proiektuak garatzeko elkarrekin. Bi erakundeek prestakuntzarako eta talentuaren kudeaketarako jarduerak sustatzea adostu dute.

MUko errektore Vicente Atxak eta EJIEko zuzendari nagusi Alex Etxeberriak sinatu dute lankidetza hitzarmena. Horri esker, EJIEk IKTen esparruko ezagutza partekatuko dute, berrikuntza irekiko eta ikertzeko proiektuak garatzeko.

Hainbat helburu

Hitzarmenak honako helburu hauek dituela adierazi dute: batetik, esparru teknologikoetan nahiz ez teknologikoetan lankidetza sustatzea, ezagutza sortu, partekatu eta transferitzeko. Horretarako, ikerketa-proiektuetarako eta doktore-tesietarako programak jarriko dituztela martxan iragarri dute, bi erakundeen eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetuko dituzten jarduerak hain zuzen ere. Eta bestetik, mundu digitalean talentua kudeatzeko jarduerak eta programak jarriko dituzte abian.

Horretarako zein ekintza sustatu ere adostu dute:

  • Talentuaren prestakuntzarako eta kudeaketarako jarduerak, esparru profesionalean nahiz unibertsitatean.
  • Ikerketa kooperatiboko proiektuen garapena, dimentsio europarreko eta Euskadiko ikerketa estrategikoko proiektuetan batez ere.
  • Baterako doktore-tesiak, EJIEko eta MUko langileen baterako gidaritzapean.
  • EJIEko profesionalek MUren prestakuntza-jardueretan jardutea.
  • Mondragon Unibertsitateko ikasleek Master Amaierako Lanetan, Gradu Amaierako Lanetan, prestakuntza dualeko programetan edo EJIEko praktiketan parte hartzea.
  • Enpresekin baterako proiektuak martxan jartzea, ikertzeko nahiz ezagutza transferitzeko proiektuetan.
  • Zientzia eta teknologia arloko bokazioen sustapena (STEAM).

Hitzarmenarekin, EJIEk berrikuntza-proiektuak garatu nahi dituela adierazi dute, hurrengo urteetarako zehaztu diren zerbitzu lehiakorrak eskaintzeko bere estrategia sustatzeko helburuarekin. Eta unibertsitatearen eta enpresaren artean talentua transferitzeko plana egingo dute bi erakundeek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.