Aldundiak eta udalek erdi bana finantzatuko dute Etxeko Laguntza Zerbitzua

Aldundia, udalak eta Eudeleko ordezkariak. Tartean, Lourdes Idoiaga oñatiarra.

Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaian, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek 2017-2019 aldian gizarte zerbitzuak finantzatzeko akordioa lortu dute. ELZ, Etxeko Laguntza Zerbitzua, batera finantzatuko dute, alde bakoitzak % 50 jarrita. EH Bilduk aldiz, aurka bozkatu du eta erabaki berriarekiko "kezka" adierazi du.

Atzo, uztailaren 18an, bilera egin zuten Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako udalek. Eudelek ordezkatuta, elkar hartu dute, eta 2017-2019 aldian ELZ (Etxeko Laguntza Zerbitzua) batera finantzatuko dute, alde bakoitzak % 50 jarrita. Adierazi dutenez, erabaki hori hartzeko, "udalen proposamenak eta legez ezarritako eskumenen banaketa" hartu dituzte kontuan. Aldundiaren gehienezko ekarpena 8.192.461 eurotan zehaztu dute, eta gaur egun egiten den ekarpena "progresiboki berregokituko" dela jakinarazi dute. Honetaz gain, Aldundiak egingo duen ekarpenaren % 25a "hobekuntzak finantzatzera" bideratuko dela adostu da hitzarmenean.

Zehaztu dutenez, orain arte, mendekotasuna duten pertsonen gastuaren % 82 foru erakundeak ordaindu izan du eta gainerako % 18a, berriz, udalek. Pertsona autonomoen kasuan, aldiz, % 70 GFAk hartzen zuen bere gain, eta % 30 udalek. Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak adierazi duenez, ELZren inguruko zalantzarik ez badago ere, udalen "eskumeneko zerbitzua" da osorik, eta hura finantzatzea ere "udalei baino ez dagokie".

Peñak azpimarratu du hitzarmen honek "indartu" egiten duela GFAk ELZren alde egiten duten "apustu argia". Jakinarazi duenez, zerbitzu horrek, orain arte, urtean 14,8 milioi euro jaso ditu kutxa publikotik, eta zaintza behar bereziak dituzten 4.800 pertsona baino gehiagori eskaini dio etxeko laguntza. "Zehazkiago, iaz ELZk 4.843 pertsonari eskaini zion etxeko laguntza, horietatik 3.021 mendekotasuna zutenak, eta 1.822 autonomoak baina mendekotasun arriskua zutenak". Laguntza zerbitzua izateaz gain, "prebentzio" zerbitzua ere badela adierazi du diputatuak, pertsona askori ahalbidetzen diona "etxean geratzea". Beraz, zalantzarik gabe, "guztion intereseko” zerbitzu dela esan du.

Bileraren ostean jakinarazi dutenez, hitzarmenak beste hainbat puntu garrantzitsu biltzen ditu: "batetik, Diputazioak bere gain hartuko ditu udal egoitzak Kabia-n sartzearen ondorioz eratorritako gastu guztiak, 7,5 milioi eurotan balioetsiak. Bestalde, 2017an, Gizarte Zerbitzuen Funtsa % 50ean banatuko da, foru eta udal eskumenekoak diren zerbitzuak ahalbidetzeko". Beraz, Gipuzkoako zerbitzuen ezohiko finantzaketarako aurreikusita dauden 6.578.000 euro zati berdinetan banatuko dira, 3.289.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta beste 3.289.000 euro lurralde historikoko udalentzat.

EH Bilduk erabakiarekiko "kezka" adierazi du

EH Bilduko ordezkariek Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Mahaian hartutako erabakiaren aurka bozkatu dute. Erabakiaren aurrean beraien "kezka" adierazi dute, izan ere, "orain artean, gastuaren ia % 80 foru erakundeak ordaindu izan du eta gainerakoa, berriz, udalek". EH Bilduk zehaztu duenez, akordio berriaren ondorioz, "Aldundiak 3.750.000 euro kenduko dizkie udalei hurrengo hiru urteetan". Erabakiak "murrizketak" eragingo duela esan du koalizioak, eta horiek "aurten bertan" hasiko direla: "903.861 euro gutxiago bideratuko dira bere inguruan bizi diren adineko pertsonei laguntzeko. Bat-bateko inbertsio jaitsiera horrek oso egoera larrian jartzen du zerbitzua, eta ezinegona sortu du udal gizarte zerbitzuetan, langile eta erabiltzaileengan".

EH Bilduk salatu du Diputazioaren "hamaikagarren murrizketa soziala dela hau eta Foru Gobernua desegiten ari dela gizarte zerbitzuen sarea gure herrialdean". Koalizioak Diputazioari eskatu dio "murrizketak baztertzea eta ELZak behar dituen hobekuntzei buruzko eztabaida irekitzea".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.