'Kaligrafia Arantzazun: idazkera ederraren artea' erakusketa zabalduko dute egubakoitzean

Proposamen berezia eta bakarra da honakoa, izan ere, profesionalek kaligrafiatutako euskarazko poemak aurrenekoz erakutsiko dira. Ivan Castro, Ewan Clayton, Allan Daastrup, Jota Domínguez, Esther Gordo, Joluvian, Víctor Kams, Oriol Miró, Mr. Zé, Josemaría Passalacqua, Joan Quirós, Esperanza Serrano eta Bego Viñuela kaligrafoek, Salbatore Mitxelenaren Arantzazu: euskal-sinismenaren poema (1949) liburuan jasotako zenbait olerki izkiriatu dituzte.

Kaligrafia-erakusketa hau, Arantzazu Letraz gunea proiektuak 2015ean abian jarritako Kaligrafia Jardunaldien hirugarren ekitaldiko ekintza-programaren baitakoa da. Egubakoitzean, hilak 14, aurkeztuko da erakusketa eta bertan izango dira Allan Daastrup, Oriol Miró eta Bego Viñuela kaligrafoak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Diseinu Grafikoko irakasle Leire Fernández eta Eduardo Herrera.

Elkarlanaren emaitza

Arantzazu Letraz gunea proiektuak, Euskal Herriko Unibertsitateko Diseinu Grafikoaren eta Tipografiaren Talde Ikertzaile Letraz-ek Arantzazu Gaur Fundazioarekin egindako elkarlanaren emaitza da kaligrafia erakusketa eta nazioarteko kaligrafiaren hamahiru ordezkari ospetsuenetakoak elkartu ditu  erakusketan, Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.