Negoziazio mahaia bertan behera utzi du Edesa Industrialeko Langile Batzordeak

Edesa Industrialen Garagartzako planta.

Garbiketa lerroari dagokion iraungitzeko EEEa (Enplegua Erregulatzeko Espedientea) negoziatzeko goizean egiten ziharduten batzarretik atera egin dira Langile Batzordeko ordezkariak. Lau arrazoi eman dituzte: diote, batetik, ez dutela onartuko garbiketa lerroari dagokion iraungitzeko EEA, urriaren 25era arte Enplegua Erregulatzeko Espediente bat indarrean dagoelako.

Bestetik, garbiketa lerroaren itxiera ez dutela behar den moduan esplikatu; hirugarrenik, Langile Batzordeak oraindik ez duela bideragarritasun planik ezagutzen, eta azkenik, ez dakitela ezta ere zuzendari nagusi berria zein izango den.

"Nahi dute alde bakarreko erabaki bat onar dezagun, agerikoa denean sakoneko testuinguru batean kokatuta dagoela. Horregatik guztiagatik erabaki dugu batzarretik irtetea".

Oraingo egiturarekin, ezinezkoa

Langile Batzordeak azpimarratu du, euren ustez, CNAk ezin duela enpresarekin segitu orain egituratuta dagoen moduan, eta gehitu dute akaso dabiltzala "bideragarritasuna emango dion inbertsore bat sar dadin ahalegintzen", eta argi dagoela "oraingo Enplegua Erregulatzeko Espedientea plan horren zati dela".

Erabateko konfrontazioan

"Zentzu horretan, nonbaiten gure etorkizuna erabakitzen dabiltza. Modu ilun eta nahasi horiek onartezinak dira, eta beraz, egia kontatzen ez diguten bitartean, CNA enpresarekin erabateko konfrontazioan egongo gara".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.