San Kristobal erromeriara irteera, makilari atseden eman aurreko azkena

Martxan parte hartu duen taldea (Argazkiak: Nestor Arana).

Makilla eskuen eta ibili basuen egitasmoaren baitan, Eskoriatzako Apotzaga auzotik abiatuta Aramaioko San Kristobal ermitarainoko mendi irteera egin du gaur hogeita hamar laguneko neska-mutikoez zein helduez osatutako kuadrillak, Eskoriatzako Hezkuntza Foroak antolatuta. Eguraldia lagun izan dutelarik, giro bikainean egin dute goiz pasa.

Goizeko hamarretan elkartu dira Apotzagan, bertatik denak batera abiatzeko mendiz mendi Aramaio aldera, Uribarri auzorantz, zehazki, hamalau kilometro inguruko ibilbidea egitera. Izan ere, Uribarri auzoan erromeria egin dute gaur, San Kristobal bezperan.

Lagunarteko giroan eta eguraldi eguzkitsuaz disfrutatu dute ibilaldiaz, eta San Kristobalgo ermitara heltzean, indarrak berreskuratzeko mokadutxo bat jan dute bertsolarien saioa entzun bitartean.

Ikasturteari amaiera

Gaurko irteerarekin, oporrak hartuko ditu taldeak, eta irailean jarriko dira atzera ere martxan, Besaideko egunean parte hartuta, Nestor Aranak azaldu duenez.

Makilla eskuen eta ibili basuen taldeak badu filosofia berezi bat, eta horretan oinarritzen dute euren jarduna: "Taldearen filosofia makila eskutik eskura pasatzea da. Makila hartu nahi duenak ibilaldia proposatzen du. Makilak arintasuna irudikatu nahi du; ez du pisutsua edo ardura izan behar. Gertuko inguruneak ikusteko eta ezagutzeko aprobetxatu nahi dugu".

Hala, parte hartu nahi duten guztiak beso zabalik hartuko dituztela adierazi du Aranak: "Herritar oro gonbidatuta dago makila hartu eta duen txoko kuttuna taldearekin partekatzeko".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.