Poloniara bi, Italiara bestea

Europako Txapelketan lehiatzeko txartela lortu dute Eneko Carrascalek –junior mailan- eta Istar Dapenak eta Malen Ruiz de Azuak promesa mailan. Hitzordu nagusiaren aurrean GOIENAk entrenamendu saio bat partekatu du eurekin.

Bero egiten du Mojategin, bero itogarria. Igerilekuetatik jendearen oihartzuna iristen da atletismo pistetaraino, ez da asko behar, gertu daude-eta. Barreak, oihuak, murgialdiaren osteko uraren zarata... Bitartean, igerileku horietan atentzioa deituko luketen gorputz landuak jo eta sua dabiltza lanean. Uztaila hilabete gogorra da atletendako, aire libreko denboraldiaren punturik gorena. 

Pistaren alde batean Mikel Uribesalgo entrenatzaileak agindutakoa betetzen dabiltza Iñigo Uribarren eta Eneko Carrascal: 120 metrotako serieak, topera: "Hamar minutu ditugu orain atseden hartzeko, eta ondoren beste bat dator", dio Uribarrenek hauspoa errekuperatu guran. Lan horren aurrean Carrascal irribarretsu dago, duela gutxi bete du urteko helburuetako bat, Italian izango da Europako junior mailako txapelketan –uztailaren 20tik 23ra–. 

Ezkerretik hasita Eneko Carrascal, Malen Ruiz de Azua eta Istar Dapena.

Beste aldean, berriz, astelehenean Polonia aldera abiatuko diren Malen Ruiz de Azua eta Istar Dapena hasi dira Jonathan Perezen aginduetara saltoak egiten: "Teknika zorrozteko egunak izango dira hauek, azken zuzenketak egiteko momentua, dagoeneko etxerako lanak eginda daude-eta", dio asteburuan Espainiako Txapelketan bigarren sailkatuta (5,21) Europan egoteko maila duela berretsi duen Dapenak.

Torrent-en –Valentzia– egindako txapelketan txanponaren alde bat izan zen Dapena. Malen Ruiz de Azua, berriz, ez zen egindakoarekin gustura geratu, ezta gutxiago ere: "Ez da asko behar txapelketa hasieratik erabat okertzeko. Lehenengo saltoan balio gabeko salto bat egin nuen, eta gero ez nion horri buelta eman", dio pertika aukeratzen duen bitartean. "Horregatik, halako egun txar baten ondoren atletak salto egiteko gogoa izan behar du, aurrekoa lehenbailehen zuzentzeko aukera izatea", dio bere entrenatzaile Jonathan Perezek. Europako txapelketara begira biak izango dira Polonian: "Dagoeneko birritan izan nazioarteko proba horretan, eta inoiz ez dut lortu finaletara sailkatzea; ea oraingoan posible den.

Poloniara joan aurretik, domekan Ermuan erakustaldia izango dute: "Ondo pasatzera joango gara, eta sentsazio onak berreskuratzera".  

Iñigo Uribarren absolutuaren zain dago

Iñigo Uribarren (Arrasate, 1993) adinez Istar Dapena eta Malen Ruiz de Azua baino nagusiagoa da, eta Real Sociedadeko atletak dagoeneko ezin du promesen mailan lehiatu, maila absolutuan dago. Hala, Arrasatekoak uztailaren 22an eta 23an Bartzelonan egingo duten Espainiako Atletismo Txapelketa absolutua du begiz jota, hor gura du denboraldia borobildu (ekainean 16.05eko marka egin zuen salto hirukoitzean). Duela gutxi Ordizian egindako lesio bat tarteko ezingo du domekan Ermuako erakustaldian parte hartu, baina egunotan ondo entrenatzen dabil eta uztail amaierara sasoian iritsi gura du, erabat errekuperatuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.